Aste honetan 24/7 plataformako kideak Urola Garaiko azoketara joango dira herritarren testigantzak jasotzera: gaur Urretxukora, bihar Legazpikora eta etzi Zumarragakora. Nahi duten guztiek lehen mailako arretara edota larrialdietara joan direnean bizitako esperientziak azaltzeko aukera izango dute. Plataformakoek eskualdeko Osakidetzako zuzendaritzari helaraziko dizkiete herriatrrek egindako testigantza horiek.

Plataformak Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekita egotea aldarrikatzen du. Duela aste batzuk, 24/7 plataformako ordezkariak eskualdeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zuzendaritzarekin elkartu ziren. “Gure harridurarako, Zumarragako osasun zentroan larrialdi zerbitzua 20.00ak arte bermatuta dagoela eta ez dagoela inoiz ere Beasainera joan beharrik adierazi dute. Beasainera joatea covidaren ondorioz hartutako behin-behineko neurria zela. Horretaz gain, gure eskualdeko osasun publiko zerbitzua kalitate handikoa dela eta ez dagoela EAGa berriz irekitzeko arrazoirik esan zuten”, eman dute jakitera.

Plataformakoek hori ez dela egia diote. “Pertsona asko hurbiltzen dira guregana lehen mailako arretara joaten direnean gertatzen ari zaiena azaltzera: hitzorduak 3-4 egunetara ematen dituzte, beharrezko probak egiteko itxaronaldi luzeak, beste zentro mediko batzuetara joan beharra (gehienak pribatuak), Beasainera edo ospitalera joan beharra edozein larrialditarako… Badakigu ez dela erraza kexa horiek osasun zentroan edo ospitalean adieraztea. Horregatik, 24/7 plataformakook hainbat ekimen egingo ditugu horiek errazteko”.