Aurtengo Behobia-Donostia lasterketan Zure Irrifarra, Nire Indarra elkarteko bost kidek parte hartu dute. Horien artean, Erin Altzelai Martinez-Campos zumarragarrak eta Mikel Fernandez Etxaniz legazpiarra. Beste hirurak Amets Vega Lopez (Eibar), Iakes Lopez Imaz (Idiazabal) eta Urdin Mendiola Igartua (Oñati).

Bost parte hartzaileak orgetan joan dira eta orgak boluntarioek bultzatu dituzte. Orgak bultzatu dituztenen artean Erinen aita dago, Endika Altzelai. Erinek asko gozatu du. “Oso pozik dago. Donostiako maratoia ere egin behar dut eta Erinek berak ere egin nahi duela esan dit. Ez dut uste posible izango denik…”, aipatu du Altzelaik.

Zure Irrifarra, Nire Indarra ekimena 2019an sortu zen, Orkli kooperatibaren laguntzarekin. Iakes Lopez Godoyk sustatu zuen, urritasun funtzionala duten pertsona guztiei kirola egiteko aukera emateko. Kasu honetan, beren ezintasun baldintzengatik modu natural eta propioan egin ezin dituzten atletismo lasterketetan parte har-tzeko. Elkartea Gipuzkoa mailan dago eratua eta Gipuzkoako hainbat herritako pertsonek parte har-tzen dute

Gozamena

Elkarteko kideek lasterketetan parte hartzeak beraien senitartekoei bizipoza ematen diela aipatu dute. “Ikaragarri gozatzen dute lasterketetan. Abiadura sentsazioa eta jendearen txaloak eta animoak asko eskertzen dituzte. Askatasun eta errekonozimendu momentu bat da beraientzat”.

Ekimenak bi helburu ditu: pertsona hauek kirola egitea eta jendeari beraien errealitatea ezagutaraztea. “Hori dela eta, boluntarioen papera ere oso garrantzi-tsua da: lasterketetan parte hartuz, jendeari lan hau guztia erakusten diote”.