Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak familientzako adimen eta hezkuntza emozionaleko tailerrak prestatu ditu. 2016 eta 2017 urteetan jaiotako haurrek eta euren heldu erreferenteek (gurasoak, aiton-amonak, izeba-osabak...) parte hartzeko aukera izango dute.
Izen-ematea azaroaren 21a arte egongo da zabalik. Tailerrak plaza mugatuak ditu eta izena ematen dutenen artean zozketa egingo da kopuru hori gaindituz gero. Izena emateko aukera ezberdinak daude: online (udal webgunean dagoen formularioa betez); telefonoz (943 337 041) edota e-mailez (gazteria@hernani.eus).
Saioak asteazkenetan izango dira, 17.00etatik 18.30era. Azaroaren 29an izango da lehenengo saioa eta hauxe izango da ondorengo egutegia: abenduak 13; urtarrilak 10 eta 24; otsailak 7 eta 21; eta martxoak 6 eta 20. Saioak euskaraz izango dira.
Zortzi saioko tailer honen helburua haurren eta helduen arteko harremana adimen emozionalean oinarritua izateko trebakuntza egitea da. Doako tailer honetan parte hartuko duten haur eta helduek talde egonkorra osatuko dute. Hortaz, tailerrean parte hartuko duten helduak haurrarekin harreman esanguratsua dutenak izan daitezke. Saio guztietan partaide berak mantenduko dira, beraz, erreferentea beti bera izango da.
Donna Apellaniz Nieto adituaren gidaritzapean jolasak eta dinamikak egingo dituzte Biteri kultur etxean. Saio bakoitzaren bukaeran, helduen arteko hizketaldia egingo da ikusi eta ikasitakoa barneratu eta zalantzak lantzeko. Haurrek, bitartean, jolasteko aukera izango dute Doberako begiraleekin.