Udalak jakinarazi duenez, astelehenean zabaldu zen aurrekontu parte-hartzaileen bozka fasea eta 16 urtetik gorako Tolosako herritarrek 17 proiektuz osatutako zerrendaren aurrean hiru aukera lehenestu ditzazkete. 12ra bitarte. Azaldu dutenez, “bakoitzak behin bakarrik izango du bozkatzeko aukera, eta bozka eskuz postontzietan, UDATEn eta kultur etxean edo telematikoki” emateko aukera izango da. Aurreko fasean, udal teknikariek ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak diren 17 proiektu zerrendatu dituzte, guztira 1.290.000 euroko kostua dutenak. “Gehienez muga 500.000 eurokoa denez, herritarren bozkak ezarritako lehentasunaren arabera eta ezarritako diru mugaren baitan bideratuko dira 2024 urterako herritarrek lehenetsitako egitasmoak” azaldu dute udal ordezkariek.

17 egitasmoetatik hiru atal bereizi dira. Tolosa, pertsona ardatz duen herria atalean, lau proiektu gailendu dira: Kalistenia eta kaleko kirol parkeak; Alondigan haur parkea; Tolosako nerabeen udaleku irekiak; eta Tolosaldeko emakumeen historia ikertzea. Ingurunearen babesarenean, hamabi proiektu: Zabalarretan kiosko-aterpe bat; Bedaion frontoi egokitua; komun publikoa Larramendin; hilerrian komuna; Larramendin ariketa fisikorako gunea; Emeterio Arreseko eraikina berritzea; haurrentzako ur parkeak; terraza publikoa Zerkausian; bizikleta aparkaleku egokiak; Iurramendi eta Amarotzen arteko bidegorria; baso eskolaren zabalpena, eta energia bulegoa. Azkenik, ekonomiaren sailean, merkataritza sustapen plana.