AED (Arrasate Euskaldun Dezagun) Elkarteak abenduaren 2an borobilduko du urte osoan zehar ospatzen ari den 40.urteurrena. Egun osoko jaia antolatu dute, eta hasteko, Kulturateko areto nagusian elkartuko dira Egindakoaz harro goazen haratago ekitaldia aurrera eramateko (12.00etan). “Gure urteurreneko leloarekin bat etorriz, lau hamarkada hauetan burutatutako lana aitortzeaz gain, gaur egun egiten duguna zein aurrera begira ditugun erronkak plazaratuko ditugu”, azaldu zuten festaren aurkezpenean.
Ondoren, kaleak hartuko dituzte Seber Altube plazatik hasiko den ibilbidearekin. 13.00etatik aurrera, Erraldoien eta Kilikien Konpartsarekin batera, bermut magikoarekin gozatzeko aukera egongo da Kidam magoaren eskutik. Gainera, Anabel Ugalde historialariak Alde Zaharreko txokoetatik bisita gidatuko du (azken honetan izena eman beharko da AEDren egoitzan).
Honi jarraituz, baba-janaren txanda izango da Uarkape pilotalekuan. Txartelak dagoeneko salgai daude elkartearen bulegoan, eta Monte eta Irati tabernetan. “Nabarmendu nahi dugu janaria barazkijaleentzat ere pentsatuta dagoela, izango dituzten gehigarriak (sakramentuak eta aza) banatuta egongo baitira, bakoitzak nahi duena hartzeko aukera izan dezan”, zehaztu zuten AEDtik.
Sabela bete ondoren, barre egiteko ordua izango da Bea Egizabalen Klownklusioak bakarrizketarekin. Dj Goiko arduratuko da egunari amaiera bikaina emateaz. Elkartetik deia egiten diete herriko euskaltzale orori jaian parte har dezaten.