Atzo Gamon Zumardian XXI. Ijito Kultur Asteari hasiera eman zitzaion ohiko kafearekin. Ostirala bitarte adin guztietako biztanleek gozatu ahal izango dituzten jarduerak antolatu dituzte, ijito-komunitatearen eta Errenteriako herriaren artean zubiak eraikitzeko eta diskriminazioaren aurka borrokatzeko.

Honen seinale, atzotik gaur arte ijitoen bandera udaletxeko balkoian egongo da.

Aurten, egitarauan bi berrikuntza egongo dira, biak ostegunean izango dira: 17.00etan Gaur gertuago topaketa egingo da BADALABen (Josepa Antoni Aranberri Anizgunean) kafe baten inguruan ijito kulturaren inguruko galderak egiteko eta 19.00etan Niessen zinemetan Papuzsa filma proiektatuko da doan, Ozzinema elkarteari esker.

Bestalde, ohi bezala ludoteka eta gaztelekuetan jarduerak eta esku pilota txapelketa izango dira.