Haurrentzako partaidetza kanal egonkorrak diseinatzeko eta parte-hartze kultura haurtzarotik birpentsatzeko esperientzia pilotua martxan jarriko da Hernanin, Oinherrirekin elkarlanean ibiliz. Izan ere, Hernaniko Udalak haurren partaidetza kultura berria sustatu nahi du, modu sistematiko eta egonkorrean, haurrak subjektu aktibo eta agente eraldatzaile izan daitezen.
Esan bezala, ekimen pilotu honen helburua Hernaniko haurren partaidetzarako kanal iraunkorra diseinatzea izango da. Oinherriko dinamizatzaileek bideratuko dute eta bertako kide izateko gonbidapena luzatu zaie herrian haurrekin lan egiten duten eragileei: ikastetxeak, guraso elkarteak eta Udala.
Gonbita onartzen duten eragileekin hamar ordezkariko lantaldea osatuko da eta azarotik apirilera haurren parte-hartzea nola egituratu landu eta adostuko dute.
Oinherrik marko hori aurkezteko eta hedatzeko jardunaldiak antolatu zituen joan den urriaren 28an, Oñatin. Hernaniko Udaleko Hezkuntza sailak ere parte hartu zuen bertan. Han aurkeztu ziren landutakoa praktikara eramateko abian jarriko diren esperientzia pilotuak. Lau herritan garatuko da eta horien artean dago Hernani. Besteak Itziar, Oiartzun eta Segura izango dira.
Axier Mingo Hezkuntza zinego- tziak Oinherriren jardunaldian azaldu zuenez, “pozez hartu dugu gonbidapena eta, era berean, ardurarekin. Horrelako proiektu batek ardura eskatzen du, saiatzea eta trebatzea”. Parte-hartzearen kultura ez da berria Hernanin, baina haurrengana hain zuzenduak daudenak edo haurrek egingo dituztenak nahiko berriak dira guretzako”, esan zuen. Gaineratu zuenez, “politika publikoak ertzetan daudenekin egiten direnean, denok irabazten dugu eta horretan jarriko dugu indarra”.
2020tik Hernaniko Udala Oinherri Herri Hezitzaileen sareko kide da. Ordutik, elkarlanean herri hezitzaileago bat eraikitzeko urratsak eman dira: “Erronka handia da haurren partaidetzan oinarritutako herrigin-tza egokitzea eta jorratzea. Parte-hartzea herri hezitzaileak eraiki eta sustatzeko oinarrizko tresna dela jakinik, bide horretan urrats berriak emateko asmoa du Udalak”.
Laburbilduz, Oinherri Herri Hezi-tzailea osatzen duten eragileek Parte Hartuz ikerketa taldea (EHU/UPV), Emagin eta Joxemi Zumalabe Fundazioarekin elkarlanean, parte-hartze kultura desberdin bat sustatzeko marko posible baten proposamena landu dute.