Tolosako Udalak jakinarazi duenez, TAO kontratu berria sinatu berri du eta baieztatu dutenez, herritarrentzako aldaketa garrantzitsu bat ekarriko du kontratu berri honek. Izan ere, “Rondilla kaleko bi aldeetan, eta Barrena kaleetan, astegunetan 19.00etatik 8.00etara egoiliarrek soilik aparkatu ahal izango dute. Larunbatetan 13.30etik aurrera ezarriko da neurri hori, eta igande eta jaiegunetan egun osoz ere aplikatuko da”. Gaur egun arte indarrean egon den kontratuarekin, Rondilla kaleko zenbaki bakoitien aldean egun osoan zehar aparkatu zezaketen egoiliarrak ez direnek, baina hau izango da aldaketa nagusia. Hemendik aurrera soilik egunez aparkatu ahalko dute, 8.00etatik 19.00etara. Gainera, Rondilla eta Barrena kaleetako aparkalekuak eguerdietan ere egoiliarrentzat gordetako guneak izango dira.

Hala ere, kontratu berria jada sinatu den arren, oraindik azaldutako aldaketak indarrean “ez direla sartuko” ohartarazi dute Udaleko ordezkariek. “Udaltzaingoek datozen asteotan seinaleztatuko dute gune zuri berria eta aurrerago jakinaraziko dute neurria zein egunetan sartuko den indarrean, bertakoek soilik izan dezaten gauetan aparkatzeko baimena” azaldu dute Udaleko bozeramaileek.