Osoko bilkura egin zuten Urretxuko udaletxean ostegunean. Besteak beste, hainbat kreditu aldaketa onartu zituzten. Horietako baten eskutik, musika taldeen entsegu lokalak Sarraldetik Bengoleara eramango dituzte. Izan ere, Sprilur Sarralde botatzen ari da dagoeneko. Lanak urte amaierarako bukatuko dira. Lokalak Bengoleara eramateko 25.000 euro behar dira.
25.000 euro horiek lortzeko kreditu transferentzia bat egin da. Urretxuko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alde bozkatu dute). TAOren aurrekontutik 8.000 euro kendu dira, Aldiribitik 52.000 (obra ez baita aurten hasiko), tren geltokiko lur sailaren egokitzetik 17.000 (obra ez baita aurten egingo) eta egitasmo sozialen aurrekontutik 18.800.
Diru horrekin, entsegu lokalak Sarraldetik Bengoleara eramateaz gain, trafiko kamerak jarriko dira “matrikula susmagarriak” detektatzeko eta hala gaizkileak herrira sartzea eragozteko (18.000 euro), Pagoeta igerilekuko koadro elektrikoak konponduko dira (30.000 euro) eta kiroldegiko, frontoiko eta kultur etxeko suteen aurkako zentralitak berrituko dira (23.000 euro).
Soberakineko 136.500 euro gastatzea ere onartu zen. Diru horrekin Euskadi Bono Dendak kanpaina (21.500 euro) eta komunikazio plana (25.000 euro) finan-tzatuko dira, Iparragirreko garajeetan hezetasunarekin duten arazoa konponduko da eta Elizaldeko espaloia bukatuko da (45.000 euro), karparako oholtza bat eta zutabe luzagarriak erosiko dira (32.000 euro), Gabonetako argiak alokatu eta egokituko dira (5.000 euro) eta Lurrari folklore jaialdiko gastuei aurre egiten lagunduko zaio (8.000 euro), Gipuzkoako Foru Aldundiak ez baitu oraindik diru-laguntzen berri eman. Udalak ia 2,7 milioiko soberakina du oraindik.
Bestalde, udal legearen epaiaren aurrean, EH Bilduk eta EAJk mozio bat onartu zuten. PSE-EEk aurka bozkatu zuen. – A.Z.