Oiartzun – 12 eta 17 urte arteko gazteen aisirako gazte topaleku bat zabaldu du aste honetan Oiartzungo Udalak, Landetxe plazan. Gazteei zuzendutako aisialdirako erreferen-tziazko espazioa izango da aurrerantzean eta haien nortasuna eta autonomia garatzeko lekua ere.

Momentuz, ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldero egongo da irekita, 17.00etatik 21.00etara. Ostiraletan ordu erdi beranduago itxiko da, 21.30ean. Ekintza edo irteera ba-tzuetarako izan ezik, topalekura joateko ez da aurrez izenik eman beharko. Gazteek duten harreraren arabera Udalak egun gehiago ireki-tzea beharrezkoa den baloratuko du.

Gazte topalekua eta beste herri askotan dagoen gazteleku zerbitzuaren oso antzekoa da, baina Ekain Susperregik, Gazteria zinegotziak, egunkari honi adierazi dionez, gazte topaleku izena aukeratu zuten Altzibarren badagoelako gazteleku izeneko beste lokal bat eta horretatik bereizteko.

Altzibarko gaztelekuari buruz, Susperregik azaldu duenez, “bere garaian sortutako proiektu bat da, beste helburu batzuk ditu eta Udalak ez dio garapen handirik eman eta ez dago oso aktiboa”. Gazte topalekuak, ordea, nerebeen aisialdirako beharrei bere osatasunean eran-tzuteko helburuarekin jaio da.

Izan ere, zinegotziak azpimarratu duenez, “zerbait berria izango da”: “Herrian lehendik ez da horrelakorik izan. Osotasun honekin eta egitura honekin daukagun lehenengo zerbitzua da; lehen soilik ekintza puntualak egin izan dira”.

Gazte topalekua Kataxulo Gaztetxia zegoen lokalean kokatzen da. Tokia behar berrietara egokitu da eta Susperregiren aburuz oso aproposa da kokalekua herriko erdigunean dagoelako, “plazatxo txukun” bat daukalako eta Landetxe bertan duelako.

Adin-tarte guztiak

Zinegotziak onartu duenez, herrian nerabeei zuzendutako aisialdirako zerbitzu bat faltan somatzen zen eta adin-tarte horretako gaztetxoen eskakizun bat ere bazen. “12 eta 14 urte bitartekoentzat badago Kuadrillategi egitasmoa martxan (60 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute) eta orain gazte topalekuarekin programa horrek hartzen ez dituen 17 urte bitarteko gazteei erantzun bat emango zaie”, gaineratu du.

Beraz, zerbitzu honekin 0-17 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako eskaintza osatu nahi izan du Udalak, aisialdiaren bitartez bidelagun-tza eman eta adin batetik besterako aldaketetarako eta bizitzarako tresnak lantzeko.

Esan bezala, 0-12 adin tarterako familien txokoa eta ludotekaz gain, 12 eta 14 urte dituztenentzat Kuadrillategi egitasmo arrakastatsua martxan du. Topalekuarekin DBH 1 eta 2. mailetako nerabeen aisialdi hezitzailerako aukera indartu eta 17 urte bitartekoentzat zabaldu du.

Antolakuntzari dagokionez, nerabeek aktiboki parte hartuko dute zerbitzuan. Bertako programazioa nerabeekin batera osatuko dute hezitzaileek. Beren gustuak, nahiak eta iritziak izango dira abiapuntua eta denbora librea autokudeatzeko tresnak eta aukerak eskainiko dizkiete, haien aisialdiaz era parte-har-tzailean gozatzeko.

Bi hezitzaile eta koordinatzaile bat izango ditu eta beraiek jarraipena emango diete indartu nahi diren balorei: inklusioa, hezkidetza, genero berdintasuna eta euskara.

Honen harira, nerabeen beharrei erantzutea da egitasmoaren helburu nagusia. Hezitzaileak bidelagun, gaztetxoek dituzten nahiak, kezkak, beharrak eta interesak landuko dituzte eta nerabe izatetik gazte izaterako trantsizioan funtsezkoak diren gaitasunak, balioak, bizitzarako trebeziak eta baliabide pertsonalak indartzen saiatuko dira.

Hortaz, aste honetan hasi dira nerabeekin espazioari eman nahi dioten erabilera zehazten eta bertan izan nahi dituzten txokoak eta baliabideak sortzen. Momentu honetan, tailerrak egiteko gela, ping-pongeko mahaia, wifia, mahai-jokoak eta pufetan lasai egoteko txokoa ditu topalekuak.

Bakarrik edo koadrilan ongi pasa-tzeko, lasai egoteko, jende berria ezagutzeko, besteekin batera bizipenak partekatzeko, Landetxen bertan edo kalean haien intereseko ekintzak egiteko, zaletasun berriak praktika-tzeko, elkarrizketarako, sorkuntzarako, hausnarketarako, kezkak elkarbanatzeko, egun-pasa edo asteburu-pasak prestatzeko… Hau da, denbora libreaz gozatzeko lekua, antolatutako zein antolatu gabeko ekintzetarako aukera zabala eskainiko du topalekuak.

“Esperantza handiarekin eta ilusioarekin gaude eta hezitzaileekin hitz egin dudanean gogotsu daudela esan didate”, ziurtatu du.