Aurreko urteetan bezala, Neguko Solstizioa-San Tomas Batzordeak aurtengo azoka iragarriko duen VI. kartel lehiaketa antolatu du. Lehiaketak herritarren parte-hartzea are gehiago sustatu nahi du. Irabazleak 150 euro eta bertako produktuekin osatutako saskia jasoko ditu.

Lanak jasotzeko epea azaroaren 15ean amaituko da. Lanak posta elektronikoz bidaliko dira santomasgurea@gmail.com helbidera. Artxiboaren izena obraren izenburutzat joko da. Mezuan atxikita testu dokumentu bat bidaliko da egilearen datu pertsonalak eta kontaktukoak dauzkana.

Edozein zalantza argitzeko eskaerak santomasgurea@gmail.com helbidera bidal daitezkeela adierazi dute antolatzaileek.

Gainera, lehiaketaren oinarriak Herri Bizia webgunean ere kontsulta daitezke.

Bestalde, Udalak jakinarazi du San Tomas egunean artisau eta elikagai postuak jartzeko eskaera egiteko epea azaroaren 13ra arte zabalik egongo dela. Eskaerak udaletxeko ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan aurkeztu beharko dira eta horretarako, interesdunek dagokion eskaera eredua bete beharko dute. Ereduak ZU! zerbitzuan edo errenteria.eus webgunean eskura daitezke. Era berean, nahiago duenak tramitazio osoa Udaleko webgunearen bitartez ere egin dezake.