2024ko aurrekontua prestatzeko garaia heldu da eta Legazpiko gobernu taldeko kideak kalera ateratzen ari dira herritarren iradokizunak jasotzera.

Asteazkenean Laubideko bulebarrean egon ziren eta atzo goizean, berriz, azokan. Datorren astelehenean San Inazio auzoko eskola zaharrean egongo dira (17.00etatik 19.00etara), ostiralean Aizkorri kalean (10.30etik 12.30era) eta hilaren 30ean (astelehena) Kale Nagusian (17.00etatik 19.00etara).

Erantzuna

Ondoren, azaroaren 2tik abenduaren 10era, jasotako informazio guztia aztertuko dute eta herritar guztiei erantzun bat emango diete. Urtarrilaren 10etik aurrera, Udalaren eskumenekoak ez diren eginkizunak alde batera utzita, eginkizunen zerrenda argitaratuko dute eta herritarrek lanen jarraipena egiteko aukera izango dute legazpi.eus webgunearen eskutik. Bukatzeko, prozesuaren ebaluazioa egingo da, hurrengo urtera begira ere ekarpenak egin ahal izateko.

Herritarren parte hartzea eskertzeko, Legazpiko Udalak 100 euroko bost bono zozkatuko ditu iradokizunak helarazten dituzten herritar guztien artean. Zozketa urtarrilaren 8an izango da. Bost bonoak Ilintiren dendetan gastatu ahal izango dira.