Ni prest nago, eta Gipuzkoa? lelopean abiatu duen kanpaina berriaren aurkezpena egin du aste honetan Atzegik. Aurkezpenean kanpainaren ordezkariek azaldu zutenez, adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du Atzegik, eta, horretaz gain, “enplegu publikorako deialdia zabaltzeko eskatzea” du helburutzat.

Astelehenean Tolosako Zerkausian eginiko aurkezpenean Aloña Agirre Atzegiko teknikariak hartu zuen hitza, eta, “legez enplegu publikoko plazen %2a adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta” egon beharko liratekeela nabarmendu nahi izan zuen. Horretaz gain, “gizartearen gehiengoak hau ez dakiela” ere azpimarratu nahi izan zuen Agirrek. Egoera hau hobetzeko bidean lanean jarraitzen dute orain Atzegiko kideek. Azken urteotan, berriz, gauzak alda-tzen ari direla ere aipatu zuen Aloña Agirrek. Zenbait administrazio jada eskubide honen alde lanean hasi direla nabarmendu zuen. Izan ere, Gipuzkoa mailan adimen desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako bi oposaketa antolatu dira, eta Agirren hitzetan, “izugarrizko arrakasta” izan dute.

“Adimen desgaitasuna duten pertsona asko ikasten jardun dira eta oposaketa horietara aurkeztu dira. Horrek argi uzten du aukera gehiago eskaini behar zaizkiela eta gure leloak dion bezala, haiek prest daude eta garran-tzitsua da Gipuzkoa ere prest egotea aukera horiek eskaintzeko” nabarmendu zuen Atzegiko teknikariak. Horretarako, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan, eta ikus-entzunezko bi piezako kanpaina ere muntatu da. Kanpainaren amaierako ekitaldia urriaren 23an izango da, 18.30etan, Donostiako An-tzoki Zaharrean. Bertan, jakinarazi dutenez, kanpaina aurkezteaz gain, 2023an bizitako guztiaren errepasoa egingo dute. Ekitaldira joateko interesa dutenek atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi edo 943 42 39 42 zenbakira deitu dezakete gonbidapenak eskatzeko.

Aurkezpenarekin amaitzeko, Atzegik egiten duen lanarekin jarraitzeko boluntarioen beharra dagoela azpimarratu zuten kideek. Horretarako interesa duenak www.atzegi.eus-en aurkitzen den formularioa beteta eman dezake izena.