Datozen urteei begirako hausnarketa bat abiatuko du Astigarrako Udalak eta lau gairi buruzko herri gogoetak jarriko ditu martxan. Lau gaiak berdintasuna, euskara, irisgarritasuna eta toki garapen jasangarria dira.

“Lau alorrak desberdinak diren arren, asko dute komunean, zeharkakotasuna duten gaiak dira, eta, beraz, guztiak A* Nahi dugun Astigarragarantz markaren barruan kokatzea eta marko komun bat ematea erabaki da”, adierazi zuten prozesu honetako aurkezpenean.

Prozesu horiek urrian hasi eta 2024ko udaberrian amaituko dira eta tresna izango dira datozen urteetako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko.

Planak ahalik eta osatuenak izateko herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela iritzi dute. Hortaz, beraiei bideratutako saio irekiak eta galdetegiak antolatuko dira.

Guztira hamabi saio ireki egingo dira eta guztiak 18.00etan izango dira Erribera kulturgunean. Saioetan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea.

Bestalde, galdetegiak ere izango dira. Online erantzun ahal izango dira udal webgunearen bitartez eta paperean ere bete ahal izango dira, herrian kokatuko diren zortzi postontzietako batean utziz: kiroldegian, udaletxean, kultur etxe zaharrean, Erribera kulturgunean, Kiriketa haurreskolan, Herri Eskolan, Emakumeon Etxean eta Galtzaur elkartean.

Lehenengo bilera urriaren 18ko berdintasun prozesuko saioa izango da, non III.Berdintasun planaren ebaluazioa egin eta aurrera begirako erronkak identifikatuko diren.

Gainera, euskarako prozesuan urriaren 10etik 23ra bideratu da galdetegi bat, herritarrek Astigarragako euskararen egoerari buruz duten pertzepzioa jasotzeko helburua izango duena.