Hainbat tolosar Busoten izan ziren pasa den asteburuan, Lasa eta Zabalaren erailketaren 40. urteurreneko oroimen ekitaldian. Ekitaldia Egiari Zor Fundazioak antolatua izan zen eta, beste hainbat tolosarren artean, bertan izan ziren Andu Martinez de Rituerto alkatea eta Garbiñe Marzol zinegotzia udal gobernuaren ordezkari gisa. Aurten beteko dira 40 urte Lasa eta Zabala Baionan bahitu, torturatu eta Alacanteko Busot herrian lurperatu zituztenetik. Data garrantzitsu hau dela eta, Egiari Zor Fundazioak omenaldia antolatu zuen bi tolosarrak “gogora ekartzeko” helburuarekin, hauen gorpuak aurkitu zituzten herrian. Alacanteko Busoten, hain zuzen ere. Oroimen ekitaldi honetan familiako kideak eta Busot herriko biztanleak egoteaz gain, hainbat ordezkari politiko ere izan ziren, eta zenbait aldarrikapen egin nahi izan zituzten.

Joxi Zabala zenaren Pili Zabala arrebak eta Joxean Lasaren Axun Lasa arrebak ere zenbait hitz egin zituzten ekitaldian. “Estatuak hurbilketa zintzoa” egitea “ezinbestekoa” dela azpimarratu nahi izan zuen Zabalak alde batetik, eta “bertan gertatutakoa aitortzeko eta haren neba eta Lasa biktimak direla onartzeko” eskaera ere egin nahi izan zuen. “Etorkizun baketsuaren bidean ezinbesteko pausoa” zela ere baieztatu nahi izan zuten. EH Bilduko Tolosako Martinez de Rituerto alkateak ere zenbait hitz egin zituen omenaldian, eta, “Lasa eta Zabala gogora ekar-tzeaz gain” omenaldia “biktima guztiei justizia, erreparazioa eta babesa adierazteko” erabili nahi izan zuen alkateak. Senide eta gertukoentzat babesa eta maitasuna ere aldarrikatu nahi izan zituen.

Era berean, aldarrikapenentzat ere izan zen tartea. Egiari Zor Fundazioko ordezkariek “gaur-gaurkoz Lasa eta Zabala Estatu biktima gisa ez dituztela aitortu” salatu nahi izan zuten, eta Estatuko gobernuari “Sekretu Ofizialen Legeak babesten duen dokumentazioa argitara atera-tzea” eskatu zioten. “Giza eskubideen kontrako jarduerak sekretupean gordetzea biktimei eskubideak ukatzea eta estatu bortxa legitimatzea da” baieztatu zuten. Erailketaren 40. urteurrenaren baitan antolatutako ekintzekin jarraituz, asteartean Lasa eta Zabala pelikula ikusi ahal izan zuten Leidor Aretoan Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleek. Ondoren, gainera, Martxelo Otamendi kazetariak senideekin egindako solasaldia gidatu zuen. Urriaren 20an egingo dute azken ekitaldia, Tolosako Topic aretoan, 19.30ean.