“Duela 20 urte, Berdintasun Saila udaletan egotea salbuespena zen, mugimendu feminista herrietan antolatuta egotea, eta Udalaren eta emakume taldeen artean harremana izatea bezala. Baina hau Arrasatek bazuen. Gainera, urte haietako udal gobernuaren konpromiso politikoa zegoen proiektua aurrera eramateko, horretarako beharrezko ziren bitarteko pertsonal eta ekonomikoak bermatuz”, gogoratu zuen Yolanda Perez de Arenazak. Arrasateko Emakume Txokoa aitzindaria zen Ermukoarekin batera. Erreferente bat. Aurten, 20 urte bete ditu, eta egin duen ibilbide oparoa ospatzeko Nahinoranahi. Elkar irakurriz, zainduz, aktibatuz lelopean jardunaldi feministak antolatu dituzte urriaren 27 eta 28ko astebururako.
“Nahinoranahi hitz jokoak ilusioa eta anbizioa iradokitzen ditu. Nahi bikoiztua darama leloak: nahi dugun horretara iristeko desioa eta irrika adierazteko, alegia”, zehaztu zuen Julia Mongek aurkezpenean.
Beraz, hileko azken astebukaeran feminismoarekin lotutako askotariko gaiak landuko dituzte, eta festa giroak ere bere tokia izango du. “Hogei urteko ibilbide hori gogoratuko dugu, zergatik eta nola sortu zen Emakume Txokoa, izan zituen aldekotasunekin zein zailtasunekin. Hausnartzeko eta formatzeko aukera ere eman nahi dugu. Eta, aldi berean, badugu zer ospatu, zertaz harro egon eta zeri begiratu, gure asmoa beste 20 urte betetzea ere badelako”, azaldu zuen Emakume Txokoaren arduradun tekniko den Maite Barreñak.
Kulturaten eta Seber Altuben jarriko den karpan burutuko dira jardunaldiak. Hilaren 27an hainbat mahai-inguru eta tailerretan parte hartzeko aukera izango da, 10.00etatik aurrera: Amestu, pentsatu, sortu. Balore feministak oinarri beste 20!; feminismo deskoloniala; LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurriak... 19.30ean, ordea, ekitaldia egingo dute, eta ondoren, Topa Feministak hartuko du lekukoa.
Izena ematea
Urriaren 28ari dagokionez, Justizia feminista ehuntzen: erreparazioa, komunitatea, herrikidetza izeneko mahai-inguruarekin emango diote hasiera egitarauari. Haurtzaroaren kontrako sexu indarkeriaren sekretua hausten; Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak: argi-ilunak; eta Kalitatezko zaintza jaso eta eskaintzeko eskubidea izenburuko tailerrak ere prestatu dituzte. Bazkari feministak, Onintza Enbeitak eta Ainhoa Etxaidek gidatutako solasaldiak, Beatriz Egizabalen Klownklusioak ikuskizunak (18.30), eta Nahinoranahi kontzertuak (gaztetxean, 22.00etan) osatzen dute programa.
Jardunaldietan parte hartzeko udalaren webgunean (www.arrasate.eus) eman daiteke izena hilaren 22ra arte.
Horrekin guztiarekin batera, erakusketa egongo da ikusgai urriaren 23tik azaroaren 4ra bitartean Kulturateko klaustroan. Bertan, Emakume Txokoaren bi hamarkaden historia eta bilakaera jasoko dira.