“Onura publikoko edo interes sozialeko zereginetarako”, Tolosako Udalak bederatzi gazte kontratatuko dituela jakinarazi berri du. Azaldu dutenez, gazteentzako lan aukerak areagotzeaz gain, “ekoizpen-sistemaren, enpresen eta langileen premiei erantzun egoki bat ematea” du helburu nagusitzat Udalak ekimen berri honekin. Hori horrela, lehentasuna izango dute herrian bizi diren gazteek enplegua lortu ahal izateko garaian. Gainera, Udalak jakinarazi du “toki erakundeek gazteak kontratatzeko 2023ko laguntzen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 programaren baitan Tolosako Udalak jasotako dirulaguntzaren baitan” kokatzen direla bederatzi kontratu hauek eta guztiak urtebeteko epekoak eta lanaldi osokoak izango direla.

Hau horrela, lanaldia eskuratu ahal izateko bete beharreko zenbait baldintza ere badirela baieztatu dute Udaleko ordezkariek. Lehena, Tolosaldeko eskualdean bizitzea da. Bigarrena, 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea. Hirugarrena, “3.HE euskara-eskakizuna edo baliokidea izatea, profil teknikoen kasuan, 4.HE”. Laugarrena, “enplegu-eska-tzaile izatea, alta egoeran egotea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar den lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea”. Eta azkena, “Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea eta, kontratazioari eta ekintzailetzari lagun-tzeko jarduketa baterako hautatua izateko, onuradun izatea 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera”.

Bost baldintza edo bete beharrak betetzen dituzten interesdunek sartu ahalko dute, beraz, Udalak zabaldi berri duen hautaketa prozesu honetan. Jakinarazi dutenez, “interesdunek eta baldintzak betetzen dituztenek, urriaren 24a baino lehen izapidetu behar dute eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunearen bidez: www.lanbide.euskadi.eus”. Urriaren 24tik aurrera eskaera guztiak aztertzen hasi eta lanpostuetarako hautapenak egingo ditu Tolosako Udalak, horrela, hilabete gutxi barru, bederatzi gaztek lanaldi osoan lan egiteko aukera izan dezaten.