Errenteriako Neguko Solstizioa-San Tomas Batzordea osatzen duten elkarte zein norbanakoak hasi dira aurtengo festa prestatzen eta herritarrak animatu nahi dituzte bihar 19.00etan Merkatuzarren egingo duten bileran parte hartzera.

Bestalde, jakinarazi dute Neguko solstizioa egunean txistorra postuak jartzeko eskaera epea zabalik dela eta urriaren 15ean amaituko dela. Honekin lotuta, gogoratu dute txistorra postua jartzen duten elkarteek antolaketan parte hartu eta aurretik adierazitako bilerara bertaratu beharko dutela derrigorrez.

Postua jartzeko eskaerak udaletxeko aterian kokatuta dagoen ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan aurkeztu beharko dira eta horretarako, interesdunek dagokion eskaera eredua bete beharko dute. Ereduak ZU! zerbitzuan bertan edo errenteria.eus webgunean eskura daitezke.

Era berean, tramitazio osoa Udalaren webgunearen bitartez ere egin daiteke.

Prestaketekin jarraitzeko, aurreikusia dago hilabete honetan zehar artisau eta elikagai postuak jartzeko eskaera egiteko epea zabalduko dela.

Gainera, antolatzaileek azkeneko urtetako ibilbideari jarraitzen badiote, San Tomas eguneko kartel lehiaketa ere deituko dute.

Errenterian Neguko solstizioaren eguna urtero abenduaren 21ean ospatzen da eta herriko elkarte eta eragile askok parte hartzen dute honen antolaketan. Izan ere parte-hartzea eta euskara eta euskal kultura dira festa eta ohitura honen ezaugarri nabarmenenak.