Montevideoko (Uruguai) Udelar unibertsitatean euskara irakasle lanetan dabil Beñat Torres urretxuarra. Horretaz gain, Euskal Etxean bertso eskolak ematen ditu.

Torresek Euskal Filologia ikasi zuen eta orain arte irakaskuntza publikoan lan egin du, ordezkapenak egiten. Global Training ikasketa bekaren bidez izan zuen Uruguaira joateko aukeraren berri. “Deialdia Etxepare Institutuak egin zuen, baina unibertsitatearekin dut kontratua. Beharren bat badut, Etxepare Institutuarekin jartzen naiz harremanetan”, azaldu du.

Euskara eta euskal kultura eskolak ematen ditu. “Euskara eskolei dagokienez, bi talde ditut. Batzuk hasi berriak dira (martxoan hasi ziren) eta besteak iazko martxoan hasi ziren. Euskara ikasten urte eta erdi daramatenen taldean lau ikasle ditut eta beste taldean, berriz, dozena bat. Udelar unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza fakultatean elkartzen gara”.

Zerk bultzatzen ote ditu Euskal Herritik horren urrun bizi diren lagun horiek euskara ikastera? “Nire ikasleen artean profil ezberdinetako jendea dago. Jende gazte asko dago, baina erretiratuak ere badaude. Euskararen berri dute eta interes ezberdinak dituzte. Batzuk hizkuntzalaritza ikasleak dira, beste batzuk musikaren edo dokumentalen bidez izan dute euskararen berri… Bestalde, hemen euskal komunitate handia dago”.

Eta zerk bultzatzen du urretxuar bat Uruguaira joatera? “Une aproposa zen. Lau urte neramatzan hezkuntza publikoan, baina plazarik ez dut. Irakaskuntzan trebatua sentitzen naiz dagoeneko eta Uruguaik asko erakartzen nau. Europako edozein herrialdek baino gehiago”.

Urte eta erdi emango du bertan. “Datorren urteko abendura arte egongo naiz hemen. Izan ere, hemen ikasturtea martxoan hasten da eta azaroa amaieran bukatzen da. Aurreko irakasleak zituen ikasleak ditut eta hori oso ondo dago, dagoeneko martxa hartuta baitute. Baina ikasturte oso bat eman nahi dut beraiekin, gutxienez. Horrek datorren urteko abendura arte gelditzea eskatzen dit”.

Orain arte ikusi duena asko gustatu zaio. “Sorpresa handia hartu dut. Jendeak Euskal Herria ondo ezagu-tzen du. Kalean berehala kontura-tzen dira ez naizela hemengoa eta euskalduna naizela esaten diedanean, denek esaten didate Euskal Herriari buruzko zerbait. Izan ere, gehiago edo gutxiago, denek dute Euskal Herriarekin loturaren bat. Jendea oso adeitsua eta eskuzabala da. Denak daude laguntzeko prest”.

Euskal Etxea

Oraindik egokitzen ari da. “Bizitzaren kostua hangoa baino merkeagoa izatea espero nuen, baina antzekoa da. Bizimoduari dagokionez, oraindik gauzak deskubritzen ari naiz, baina han hainbat gauza oso errotuta ditugula konturatu naiz: kuadrilla, asteburuetako planak… Nik hemen halakorik ez dut oraindik eta eraiki beharra dut. Euskal Etxeek indarra dute eta tarteka bertara joaten naiz”.

Euskal Etxean bertso eskolak ematen ari da. “Euskal Etxeetan ere euskara eskolak ematen dira eta Euskal Etxean ezagutu ditudan ba-tzuk euskara maila ona dute. Nire aurreko irakasleari agur-festa egin genionean ezagutu nituen, bertsotan egiten dudala zekiten eta bertso eskola martxan jarri dugu. Hiru ikasle ditut. Montevideon bertso eskola sortu izana, nahiko gauza deigarria da”.

Uruguaiko gizartea Euskal Herrikoaren antzekoa dela uste du. “Mugimendu kultural indartsua dago, ikasle mugimendua ere indartsua da, kalean bizitza asko egiten da, jendeak parkeetan kirola egiten du…”.