Zumarragako Udalak Argixaoko eraikina berritu du eta komun berriak egin ditu. Orain arte komunak eraikinean zeuden eta hemendik aurrera eraikinaren eta harmailaren artean egongo dira. Formazio gelari Iñaki Mendiluze izena eman diote. Atzo inauguratu zuten. Lehenago Urolaren emakumezkoen taldeak Ondarbeltz taldearen aurka jokatu zuen eta ondoren Urolaren gizonezkoen taldeak Tolosa taldearen aurka.

Atzoko ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Zumarragako zinegotziek, Goizane Alvarez Kirol diputatuak, Jotxin Iturbe Urola Kirol Elkarteko lehendakariak, Urretxu eta Zumarragako kirol elkarteetako ordezkariek eta Mendiluze sendiko ordezkariek parte hartu zuten.

Eraikinean formazio gela, Urolaren bulegoa, kontserjearen bulegoa eta fisioterapia eta errekuperazio gelak daude. Eraikinak beirateak ditu, argitasuna eta itxura modernoa lortzeko. Aurrekontua 390.000 eurokoa da eta aldundiak 150.000 euroko laguntza eman du.

Eraikinean egindako berrikuntzei esker, Urola Kirol Elkarteak hobeto eta erosoago lan egin ahal izango du. Formazio gelari esker, klubaren entrenamendu metodologia aurrera eraman ahal izango du. Gela hori gainontzeko klubek ere erabili ahal izango dute.