Síguenos en redes sociales:

Oiartzunek 2024an %1,5 igoko ditu zergak eta tasak

Gobernu taldeak KPIaren azpitik eguneratzea proposatu du, “herritarren ekonomian ahalik eta gutxien eragiteko”

Oiartzunek 2024an %1,5 igoko ditu zergak eta tasakN.G

Aste honetan Oiartzungo Osoko Bilkuran 2024 Ordenantza Fiskalen aldaketa hasieraz onartu zen, EH Bilduren baiezko bozkari esker. Oiartzungo Udalak zerga eta tasak %1,5 igoko ditu, baina salbuespenak ere izango dira.

Joana Mendiburu alkateak nabarmendu zuenez, igoera hori KPIaren (Kontsumo Prezioen Indizea) azpitik dago, “herritarren ekonomian ahalik eta gutxien eragiteko”.

Alkateak azaldu zuenez, “azken urteetan asko igo dira Udalaren gastuak eta eskaintzen dituen zerbi-tzuen kostuak. 2024ean ere %1,5 baino dezente gehiago igoko dira”. “Udalaren aldetik egundoko ahalegina egin da igoera hauek oiartzuarrengan ahalik eta eragin gutxien izateko, jakitun garelako herritarrek eroste ahalmena galdu dutela eta asko garestitu zaigulako bizitza denoi”, onartu zuen. Horregatik 2024ean ere zerbitzuen gastuen igoeraren zati handi bat Udalak bere gain hartzen jarraituko du, %1,5 soilik igoko baititu zergak eta tasak.

EAJk igoera honen aurka bozkatu zuen. “Gure ustez, zergak eta petxak izozteko garaia da. Ez da gure filosofia permanentea, ulertzen dugu zerbitzuak ordaindu egin behar direla; baina, gure iritziz, herritarrei arnas pixka bat emateko garaia da”, adierazi zuen Janire Mitxelenak, EAJko bozeramaileak.

“Esan duzue eta txostenean jartzen du, 2024rako %1,5eko igoera proposatzen dela, baina galdera bat: zeren baitan?; hau da, zergatik %1,5eko igoera eta ez %2 edo %0,75? Hori argitzea edo azaltzea eskertuko genuke”, gaineratu zuen.