Zenbait proiektu antolatu ditu ikasturte berrirako Tolosako Udalak, Tolosako Biodibertsitate Gunearekin lankidetzan. Haien artean, gaur bertan, Fernando Valladares biologo ezagunak bere liburu berriaren aurkezpen ekitaldia egingo du Udaletxeko Pleno aretoan 19.00etan. Azaldu digutenez, “biodibertsitatearen kontserbazioan tolosarren interesa eta partaidetza sustatzeko lan egitea” da Biodibertsitate Gunearen helburu nagusia. Azken urteetan egindako lanari esker gai honen inguruko erreferentziazko gune bihurtu da eta datozen urteetan, herritarren ezagutza zabalduz jasangarritasunaren bidean urratsak ematea du helburu.
Horretarako, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditu eta gaur, Fernando Valladares biologo ezagunaren liburuaren aurkezpen ekitaldia izango da. Gainera, egilearen azalpenez gain, liburua firmatuta jasotzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. “Valladares biologian doktorea da eta gaur egun etorkizun ikuspegi zabalena duen ekologo ospetsuenentzat jotzen da”, azaldu dute Biodibertsitate Guneko ordezkariek. Izan ere, Valladaresek biodibertsitateak eta klima aldaketak ekosisteman duten eragina aztertzeko lan ugari egin ditu urtetan zehar.
Liburuaren aurkezpenaz gain, urrian zehar beste hiru ekintza antolatu ditu Biodibertsitate Guneak. Lehenik eta behin, urriaren 4an, Ornitologiaren hastapenak izeneko ikastaroa eskainiko dute. Urriaren 18an, Txingudiko estuarioaren ekosistemak izeneko mintegia eskainiko dute. Eta, bukatzeko, hilaren 22an irteera egingo da Txingudiko estuariora bertara, udazkeneko migrazioaren garai seinalatuan. Irteera goizeko 09.00etan abiatuko da Dama Berdetik.