Ordenan-tza Fiskalena izan zen Astigarragako aste honetako Osoko Bilkuran landutako gairik garrantzitsuena; hau da, 2024ko udal zerga eta tasei hasierako onarpena eman zitzaien. Gobernu taldetik azaldu dutenez, igoera orokor gisa %3,5 igotzea proposatu zen, hau da, KPI+1 gutxi gorabehera.

Bestalde, aditzera eman dutenez, eskualdeko beste udalekin alderatuta “nabarmen beherago” dauden zerga eta tasa batzuetan %7ko igoera proposatu zen.

Aldi berean, egungo hobari sistemaren gehienezko errenten kopurua %10 igotzea onartu zen. Honela, Gobernuaren aburuz, herritar eta familia gehiagok hobari sistemari heldu ahal izango dira. Horrekin batera, hobariak eta laguntzak emateko, errentaz gain, ondasunak kontuan hartzea planteatu zen.

Proposamena lantzeko hainbat faktore hartu zirela kontuan esan du gobernu taldeak. Alde batetik, KPI eta udal zergen azken urteetako bilakaera: 2019-2023 urteetan EAEko KPIa %18,3 igo zen eta udal zergen bilakaera %3,5ekoa izan zen eta pandemia eta energia krisiak eraginda, tasak eta zergak izoztu edota KPIaren azpitik igo ziren. Ondorioz, Udalaren erosteko ahalmena 15 puntu inguru jaitsi da.

Bestalde, Astigarragako familien errenta erabilgarria ere hartu da kontuan: Eskualdeko herrietako familien batez besteko errenta erabilgarririk altuena du Astigarragak, EAE eta Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik.

Azkenik, udal zerga eta tasen presio fiskala zein den aztertu da. Kasu honetan, eskualdeko Udalen batez bestekoaren azpitik dago Astigarraga, eta kasu askotan, bi edo hiru baxuenetan kokatzen da.

Iragarkia aldizkari ofizialean argitaratzen denean, alegazioetarako epea zabalduko da.

Tokiko Gobernu Batzordeari dagokionez, garapenerako lankidetza programako hainbat laguntza ematea onartu zen, baita euskararen erabilera sustatzea helburu duten ekimenak garatzeko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia ere.