Zuhaitzek klima aldaketaren aurrean duten paper eta eragin garrantzitsua ezagutzera emateko, Uggasa garapen agentziak bisita gidatuak antolatu ditu. Bisitak Legazpin eta Urretxun izango dira.

Legazpikoa ostegunean izango da, Mirandaola parkean (bertako pilotalekuan). Urretxuarrak, berriz, Gernikako Arbola plazan elkartuko dira. Bi bisitak 18.30ean hasiko dira eta bisita bakoitzak ordu beteko iraupena izango du. Parte hartu nahi dutenek 943 725 829 telefono zenbakira deitu behar dute, izena emateko. 9.00etatik 14.00etara deitu beharko da. Izen ematea doanekoa da.

Asteklima

Ekitaldi hau Asteklimaren barne antolatu da. Asteklima Euskadiko klimaren eta energiaren astea da.

Iaz, Uggasak eta Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko udalek bultzatuta, Urola Garaiko 58 zuhaitz espezie identifikatu ziren ikastetxeekin elkarlanean eta 120 plaka jarri ziren hiru herrietan.

Aurten, eta Euskadiko klimaren eta energiaren astearen barne, Urola Garaiak bigarren fase bat abiarazi du Urretxun eta Legazpin. 46 zuhaitz gehiagotan plakak jarri dira.

Bigarren fase honen helburua Urola Garaian klima aldaketak dituen ondorioei buruz sentsibilizatzen eta informatzen jarraitzea da. Horretaz gain, gure kaleetan dauden espezieak ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu nahi da. Klimaren erregulazioan betetzen duten paper garrantzitsua nabarmendu nahi da, arnasten dugun aireari mesede egiten dioten bitartean.

Horretaz guztiaz gain, herritarrek ohiturak aldatu behar dituztela jakinarazai nahi da. Helburua gure CO2 isuriak murriztea da, hori baita klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gas nagusietako bat.

Urretxuk, 23 plaka jarri ditu herrigunean eta Legazpik beste 23 Mirandaola parkean. Zuhaitz espezie bakoitzak bere QR-a du, bere fitxara zuzentzen duena. Fitxak espezie horren berezitasunen bat, bitxikeriak eta esangura-tsuak izan daitekeen informazioa jasotzen ditu.