Zarauzko bikote mistoen bigarren triatloi herrikoia bihar ospatuko da. Probari eguerdiko 11.30ean emango zaio hasiera portuan.

Moilatik hondartzaraino joan beharko dute igerian bikoteek, Munoa plazan bizikletak hartu eta Getariara iritsi aurretik dagoen Iturritxikin buelta emanda itzuliko dira berriz Munoara. Azkenik, Zarauzko itsas pasalekuan Arguiñanoraino korrika joan eta Duke Enea parean izango dute helmuga.

Nik Tri Triatloi Elkarteko antola- tzaileek adierazi dute proba laburra eta erraza dela, aldaparik gabea. Triatloia lehen aldiz egin nahi dutenentzat pentsatua eta diseinatua dago.

Irteerak mailakatuta emango dira, hamar bikoteko taldeetan, pilaketak saihestu eta partaideek estutasunik gabe igeriketako saioari lasai hasiera emateko. Lehenengo taldea 11.30ean irtengo da portutik eta minutu bateko tartearekin irtengo dira gainontzekoak. Azkenengo bikotea 11.53an abiatuko da.

Parte-hartzaile guztiek triatletaren poltsa jasoko dute hainbat produkturekin. “Probak ez du podiumik izango, baina uste dugu, triatloi batean parte hartze hutsak saria merezi duela, beraz, parte hartzaileen artean hainbat produktu zozkatu ditugu”, adierazi dute antolatzaileek.

Triatloia Maite Dut egitasmoko lagunek animazio gune bat jarriko dute helmugan, gazteentzat esku erraldoiak egongo dira marraztu eta partaideei animoak emateko. Triatloia gizarteratzeko hainbat ekintza burutzen ditu urtero Triatloia Maite Dut egitasmoak; 18 AStetan Triatleta erronka, topaketak, udalekuak, triatloi txikiak... Helburua gazte eta emakumeen artean triatloia sustatzea da.

Elkartearen 10. urteurrena

2013 urtean sortu zen Nik Tri Triatloi Elkartea Zarautzen. Hamar urteren ondoren, 62 kidek osatzen dute taldea (26 emakumezkoak dira). Adinari dagokionez ez dute mugarik finkatzen (14 urte gorako edonork eman dezake izena). Batzuk Euskadiko triatloi zirkuituan nahiz estatu mailan edo atzerrian ere lehiatzen dute baina, gehienek asteroko taldeko entrenamendu eta irteerekin igeriketa, bizikleta edota korrikarekiko duten gosea asetzen dute. Ez da derrigorrezkoa triatloian aritzea edo hiru kirolak egitea, nahikoa da horietako bat egiteko gogoa izatea. Apunta- tzeko informazio gehiago www.niktri.eus webgunean edota 943 833 641 telefonoan lor daiteke.