Ekainean zendu zen Itziar Ajuria, II. Lila Sariaren irabazlea, eta bere heriotzarekin Elgoibarko euskal mugimenduaren ikur bat joan zen. 1962an ekin zion Elgoibar Ikastolak bere ibilbideari, euskal kulturaren aldeko mugimendua bultzatuz, eta Itziar Ajuria lehen urrats haietan parte-hartze aktiboa izan zuen, bertan lehen andereñoa izan zelarik. Sari banaketaren ekitaldia atzo ospatu zen Lila etxearen II. urteurreneko jaiaren baitan eta Itziarren oinordekoek jaso zuten.

50eko hamarkadan, euskal kulturaren aldeko mugimendu ezkutu eta isilaren lehen urratsetan parte-hartze aktiboa izan zuen, eta 1962an zabaldu zuten Elgoibarko lehen ikastolako lehenengo andereñoa izan zen, Loritoneko ikastola dei-tzen zioten hartakoa. Elgoibarko Izarrak erosi zuen San Frantzisko kaleko 24. zenbakiko lokala (Loritoneko Ikastola), eta bertan hasi zen andereño Ajuria, Karmele Esnal andereñoaren laguntzaz ikastaldi bat egin ondoren. 1962ko maiatzaren 2an ekin zion andereño lanari, 29 ume txikirekin. Ez zuen hasiera errazik izan. Antolakuntza pedagogikoari dagokionez, zailak izan ziren urte haiek, eta soldata urriarekin eta Gizarte Segurantza kotizatu gabe egin zuten lan garai hartako andereñoek, tartean. Itziar Ajuriak 1986. urtera arte egin zuen lan ikastolan.

Frankismoan klandestinitatean jardun zuten euskal andereñoak omendu zituzten 2006ko Sabino Arana Sariarekin. 205 andereñok osatzen dute kolektibo hori, eta tartean bost elgoibartar daude: Itziar Ajuria, Jone Etxabe, Nekane Iturbe, Mari Isabel Mujika eta Mari Juli Konde.