Frontoi atzean dagoen Zumetaren mural koloretsuari argazkia ateratzen dio Usurbilgo herria bisitatzen duen orok. Lan horrek aurten 50 urte bete ditu eta sagarrarekin eta angularekin batera herriko ikur bilakatu da. Konkretuki 2023an, 50 urte bete dira Jose Luis Zumeta Usurbilgo murala egiten hasi zenetik: 1973an hasi eta 1974an amaitu zuen.

Hau kontuan izanda, asteburu honetan, hainbat kulturgile eta eragile biltzen dituen Kulturguneak, 650 Usurbil Bizirekin eta Udalarekin elkarlanean, Jose Luis Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu du. Bi eguneko egitaraua izango da, arte diziplina ugari oinarri izango dituena.

Egitarauarekin hasteko, bihar, 22.00etatik aurrera, Zubietako errebote plazan, Udalak Oskar Alegria zinemagileari eskatutako Zumeta 23 film laburra estreinatuko da. Zuzendaria bertan izango da, besteak beste, filmean kolaboratu duen Koldobika Jauregirekin eta Manex Urtasun eta Maite Ortiz de Mendibil pilotari-margolariekin batera.

Horren ostean, filmaren musika egin duen Peru Galbeteren emanaldia izango da, Peru Galbete eta Gu izenpean. Bere laugarren diskoa, Beiratu, aurkeztuko du eta hirukote akustiko formatuan arituko da; Idoia Arizaleta gitarra eta teklatuan eta Santi Etxeberria kontrabaxuan.

Egun horren antolaketa nagusia Udalaren eta Zubietako Herri Batzarren gain egon da.

Larunbatean herri jaialdia ospatuko da eta egun horretan ere izango da Zumeta 23 film laburra ikusteko aukera, horretarako propio ezarriko den txokoan. Alegriak berak aurkeztuko du, 12.00etan, Mikel Laboa plazan, Galbeterekin batera.

Herriko hiru ikastetxeek ere parte hartuko dute jaialdian. Herriko ondarearen transmisioa helburu, ikasturte berriarekin, margolariaren figuran sakonduko dute, haren ibilbidean eta sorkuntzan, eta jaialdiaren apaingarri izango diren eskulanak egingo dituzte.

Goiz guztian zehar, 11.00etatik 13.30era, Usurbilgo kaxkoan, arte plastikoen erakusleiho eta tailerrak antolatu dira herriko sortzaileekin.

Arratsaldean, 18.00etan, Usurbil Museo Irekia ibilaldi berezia burutuko da, ezohiko geldialdiekin eta herritarrek girotua.

Jaialdiarekin amaitzeko, 22.30ean muralaren aurrean, lanari buruzko gogoetak dantza, antzerki eta musika bidez adierazten dituen Xumetik izenburuko ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Urte hasieran, urteurrena ospa-tzeko ekimen sorta jarri zuten martxan Udalak, Zumeta Arte Estudioak eta herriko hainbat eragile biltzen dituen Usurbilgo Kulturguneak. Kulturgunea da, hain zuzen ere, larunbateko jaialdia antolatzen aritu den eragile nagusia. Hortaz, hamarnaka eragilek parte hartuko dute egun horretako ekintzetan, arte diziplina ugaritan aritzen direnak eta eguneko protagonista izango direnak.