Irurako Udalak jaietan eman daitezkeen indarkeria sexista kasuen aurrean erantzuteko herri mailako protokoloa aurkeztu du. Udaleko ordezkariek zein protokoloa osatzen lagundu duten eragileek azaldu dutenez, herritar guztiek indarkeria kasu baten aurrean zer egin jakin ahal izateko informazio “eraginkorra” eskura jartzea da helburu nagusia. Hiru puntu nagusi jorratzen ditu protokoloak. Jai giroan eman daitezkeen eraso sexisten inguruko prebentzio lana bideratzea, batetik; biktimari arreta egokia eman ahal izateko baliabide eta urrats egoki eta zehatzak finkatzea, bestetik; eta erantzun instituzionala eta publikoa antolatzeko irizpideak finkatzea, bukatzeko. Gainera, azaldu dutenez, “herritarren inplikazioa eta esku hartze zuzena” sustatzen duten bideo bat ere grabatu dute, eta “jaietan esanguratsuak diren hainbat ekimenetan” proiektatuko da. Herriko plazan ere gune morea izango da, irailaren 23 larunbatean 17.00etan hasi eta 20.00ak bitarte.

Irurako Udaleko Berdintasun zinegotzia den Noelia Lataburuk adierazi nahi izan du “indarkeria sexistari aurre hartzearen ardura instituzioek dutela”, baina azpimarratu nahi izan du “herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa dela, indarkeria hori desagerrarazi eta erabat deuseztatzeko”. Jaietarako aurkezturiko protokoloa ordea ez du Udalak soilik burutu. Herriko hainbat eragilek ere parte hartu dute prozesuan. Irura Moretuz taldeko kide den Edurne Ayusok adierazi duenez, “elkarlanean sortua izateak balio erantsia ematen dio”. Ayusok, gainera, azpimarratu nahi izan du helburu nagusia “protokoloa dokumentu hutsean ez geratu eta indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktibo eta erantzunkidea bideratzeko gai den tresna bilaka-tzea” dela. Bukatzeko, Gorka Murua alkateak San Migel jaiak, “aske, ilusioz, errespetuz eta berdintasunean” gozatzeko desioa luzatu die herritarrei.