Larunbatean Antioko musika zikloko laugarren kontzertua egingo dute. Gorka Hermosa akordeoilariak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak Sustraien matxinada proiektua aurkeztuko dute. XXI. mendeko euskal musikari begirada, tradizioa eta modernitatea uztartu dituzte. Diskoa grabatu dute Carles Benavent baxuarekin eta Tino di Geraldo bateria-jotzailearekin.

Hurrengo kontzertua hilaren 30ean izango da. Steven Lin pianista estatubatuarrak egingo du. Linek iaz ere Antion jo zuen eta, kontzertu haren arrakasta ikusita, berriro ekartzea erabaki dute. 12 urte bakarrik zituen New Yorkeko orkestra filarmonikoarekin lehenengoz jo zuenean eta Arthur Rubinstein nazioarteko lehiaketa irabazi du Israelen.

Bi kontzertuak 19.30ean hasiko dira. Beti bezala, autobus zerbitzua egongo da. 19.00etan abiatuko da, Elizkaletik. Sarrera librea izango da, eliza bete arte.

Zikloko azken kontzertua Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da, urteroko moduan. Aurtengo emanaldia urriaren 7an izango da, 18.00etan, baserriko dolarean. Garazi Etxaburu dantzariak, Urbil Artola gitarra-joleak, David Azurza abeslariak eta Andoni Salamero olerkari zumarragarrak Sagarrondo txintxo, sagarrondo on! ikuskizuna aurkeztuko dute. Ikuskizun hori sagarraren prozesuari buruzkoa da. Euskal Herriaren historian horren garrantzitsua den sagarra omendu nahi dute. Egun horretan ere autobus zerbi-tzua egongo da. 17.30etan irtengo da Elizkaletik. .