Kaleko Txirrina eta Gurpil Artean elkarteek Ziklobira ekimena antolatu dute Errenterian, Atlantikaldia jaialdiaren baitan. Bihar goizean egingo da jarduera eta bere helburu nagusia bizikletek dagokien espazioa hartzea izango da, txirrindularien eskubideak aldarrikatzearekin batera.

Partaideak 11.30ean abiatuko dira Foru plazatik. Guztira, ordubeteko ibilbidea osatuko dute. Zehazki, Foruen plazako erdigunetik hasi eta Pontika, Alaberga, Iztieta, Fanderia eta Agustinas auzoak zeharkatuko dituzte, 12.30ean Panierren bukatzeko.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, adin guztietarako egokia den ekimena izango da eta parte-hartzaile bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu.

Gainera, behin ibilbidea osatuta, Panierren Ziklobirari hasiera emango zaio. Bertan, DJ baten laguntzarekin, aldarrikapena festa bilakatuko da.