Astelehen goizean, Alkizako plazan, Sormenaren Kabia bekaren aurkezpena egin zuten. Aurtengoan Miriam Loidi eta Nomad Studioa izan dira sarituak eta beraz, hiru asteko egonaldia egin ahal izango dute Alkizan iraila eta azaroa bitartean norbere proiektua garatzeko helburuarekin. Aurten, Alkizako Udalak seigarrenez antolatu du beka, eta epaimahaiak bi sari banatu ditu. Miriam Loidiren Ehun Bizipenak proiektuak jaso du sarietako bat, eta Nomad Studioko Eli Garmendia eta Carlos Pericasen Alkizako Memoria proiektuak jaso du bestea.

Astelehen goizean egindako aurkezpenean artistek herrian egingo dituzten egonaldien nondik norakoak zehaztu zituen Iñaki Irazabalbeitia alkateak. Azaldu zuenez, egonaldia herriko Lete aterpetxean igaroko dute. Egonaldia egiten lehena Miriam Loidi izango da eta urriaren 22tik azaroaren 12ra bitarte izango da herrian. Nomad-eko Garmendia eta Pericas artistek berriz azaroaren 6tik 26ra bitarteko egonaldia egingo dute. Astebetez beraz bi proiektuek elkarrekin lanean aritzeko aukera izango dute. Alkatearen esanetan, “bi proiektuen arteko sinergia sortzea” ere badelako “helburuetako bat”.

Proiektuetara egokitzen diren herriko espazio ezberdinak eskuragarri izango dituzte hiru astetan zehar artistek. Amaitzeko, egonaldiak amaitutakoan proiektuen emaitzei erreparatuko dietela gehitu nahi izan zuen alkateak. “Artistek emaitza onak lor- tzea eta gustura egotea espero dugu. Gu ere sortzen dutenarekin gustura sentitzea espero dugu” adierazi zuen amaitzeko.