Urretxuarrak Santa Anastasia jaiak noiz iritsiko zain zeuden eta heldu dira azkenean. Musika eta alaitasuna nagusi izango dira herriko kaleetan, bihartik igandera bitartean.
18.00etan erraldoiek kontzentrazioak egingo dituzte Mundo Mejor, San Martin eta Pagoeta auzoetan eta txokolate jana egingo dute Mundo Mejor, San Martin eta Labeagan. 19.00etan buruhandiek eta erraldoiek kalejirak egingo dituzte, aipatutako hiru tokietatik abiatuta.
19.00etatik aurrera Urolatarrak txarangak herriko kaleetan joko du eta 19.30ean Iparragirre Balerdi musika bandakoak eta Lizarriturri taldeko txistulariak izango dira kalejira egingo dutenak.
20.30ean pregoia irakurriko dute eta suziria piztuko dute. Pregoia herriko kirolariek irakurriko dute. Udalak Ainhoa Sanz, Aritz Egea eta Mayi Mujika korrikalariak, June eta Luken Garitano eskiatzaileak, Nahia Garrido igerilaria, Alex Diaz, Xabier Isasa eta Nicolas Alustiza txirrindulariak, Jokin Gabilondo futbolaria, Xabier Erostarbe eta Oier Ibarluzea pilotariak eta Imanol Garziandia eskubaloi jokalaria omenduko ditu.
22.30ean hip-hop jaialdia egingo dute Gernikako Arbola plazan. Burgoseko Victor Rutty, Rober del Piro eta DJ Kaef-ek, Sabadelleko El Santok eta Zumarragako Agresion Verbalek parte hartuko dute.
Larunbaterako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. Goizean, abelgorrien erakusketa eta lehiaketa, bertsolariak, entzierroa eta poniak, idi probak eta Kukai taldearen dan-tza saioa egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, xake txapelketa, gastronomia lehiaketa, haurrentzako sukaldaritza tailerra, idi probak eta txistularien alardea. Gauean kon-tzertua egingo dute Gernikako Arbola plazan. Nogen eta Hiri Galduak taldeek joko dute.
Igandean Euskal Jaia ospatuko dute eta astelehenean Kuadrillen Eguna. Igandeko eta asteleheneko ekitaldien berri igandeko egunkarian emango dugu.