Tolosako Kultur Etxean 2023-2024 ikastaroan izango diren tailer eta gazteentzako ikastaroak aurkeztu zituzten pasa den ostiralean. Atzo bertan ireki ziren izen-emateak eta beraz, jada zabalik da ikasturte honetan hauetan parte hartu ahal izateko prozesua. Udaleko zein ikastaroetako ordezkariek ostiralean Tolosako Kultu Etxean egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez, “sormen artistikorako jakinmina bultzatzen eta asetzen jarraitzea” da helburu nagusia.

Urtero 200 herritar inguruk parte hartzen dute ikastaro horietakoren batean eta, Goiuri Eceiza, Kultura zinegotziaren azpimarratu nahi izan zuen “horrek argi erakusten du Tolosan badela sormen artistikoetarako jakinmina”. Era bertan, tailer hauetan parte hartzeak “onura indibidual eta komunitarioak” dituela nabarmendu zuen Tolosako Udaleko zinegotziak. Urteroko moduan, aurten ere helduentzako ikasturteko osorako ikastaroak antolatu dituzte eta gazteenen- tzat ere izango dira zenbait tailer.

Bederatzi kultur tailerrek osatzen dute aurtengo eskaintza eta Udal ordezkariek azaldu zutenez “taldeak gutxienez zortzi lagunekoak izango dira eta plaza kopurua baino eskaera gehiago jasotzen dituzten kasuan matrikula eskubidea zozketa bidez erabakiko da”. Antzerkiak, argazkigintza hastapenak, balletak, balleta puntak, dantza garaikideak, ehoziri lana eta patchwork-ak, pintura marrazketak, eskulanak eta zeramikak osatzen dute aurtengo eskaintza. Gainera, Goiuri Eceiza zinegotziak aurkezpenean gehitu nahi izan zuen “behar duenarentzat informazio gehigarria eskuragarri dagoela Tolosako Udalaren webgunean”.

Pasa den ikasturtean ikastaroetan parte hartu zutenentzat jada ireki dituzte izen-emateak eta irailaren 15 ostiralera bitarte izango da aukera zabalik. Ikasle berriek, aldiz, hilaren 18tik 22ra bitartean egin beharko dituzte izen-emateak. Zalantzak argi- tzeko edota laguntza behar izanez gero, kultur bulegora bertaratu edota 943 670 383 telefonora deitu ahal izango da. Kultur tailerrez gain, gazteen ikastaroetarako izen-emateak gaur bertan zabaldu ditu Udalak. Ikastaro hauek urritik abendura eskainiko dira, euskara hutsean, eta 16tik 35 urte bitarteko herritarrei zuzenduta daude. Hiru hilabeteko luzapena izango dute ikastaro hauek eta hiruhileko honetarako eskaintza Dancehall, kosmetika natural eta joskintza ikastaroek osatuko dute. Izen ematea online egin beharko da. Matrikula orria eskuragarri dago udal webgunean, gazteria atalean.