Euskara edo euskaraz ikasi, hizkuntza hobetu edo erabilera sustatzeko helburuarekin, Oiartzungo Udalak hainbat dirulaguntza lerro ditu zabalik. Guztira 78.000 eurotik gora bideratuko ditu Udalak aurten laguntza hauetara.

Konkretuki bost ekintza lagunduko dira: 2023 Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako ikastaroak euskaraz egin izana, 2023-2024 ikasturtean euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroak, 2023an aisialdiko begirale edo zuzendari eta kirol entrenatzaile ikastaroak euskaraz egitea, 2023an arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera susta-tzeko ekimenak eta 2023an udalerriaz gaindiko eremuetan euskara sustatzen dabiltzan erakundeak.

Irekita dago eskaerak egiteko epea. Oinarriak eta informazio guztia udaletxeko webgunean dago eskuragarri, www.oiartzun.eus helbideko Iragarki Taula ataleko Dirulaguntzak arloan. Laguntza lerro bakoitzaren informazioan zehaztuta dago epemuga.

Honen harira, gogorarazi dute 2023ko udan euskara ikasteko eta hobetzeko egindako ikastaroetarako laguntza eskaera egin daitekeela urriaren 2tik 16ra.

Eskaera hauek guztiak udaletxeko harreran edo telematikoki egin daitezke. Informazio gehiago behar duenak Euskara sailarekin jar daiteke harremanetan 943 493 842 telefonora deituta edo euskara@oiar-tzun.eus helbidera idatzita.

Aiako Gaztelumendik, Hizkuntz Normalizaziorako zinegotziak, azaldu duenez, euskara ikasteaz gain, herritarrek ikastaroak gure hizkun-tzan egitea bultzatu nahi du Udalak.

Bestalde, ikasturte honetan ere eskualdeko lau herrietan, Lezon, Errenterian, Oiartzunen eta Pasaian, gauzatuko da Kuadrillategi egitasmoa, eta ikasmaila hauetako gazteek eman ahal izango dute izena: Lezon, Errenterian eta Pasaian; DBH-1, DBH-2, DBH-3 eta DBH-4ko gazteek. Oiartzunen, berriz, DBH-1 eta DBH-2ko gazteek.

Izena emateko epea irailaren 22ra artekoa izango da Lezon, Oiartzunen eta Pasaian eta 30era artekoa Errenterian. Izena ikastetxean edota etxetik bertatik ere egin ahal izango da. Horretarako, www.oarsoarrak.eus webgunean dagoen formularioa bete beharko da.