Ibarrako San Bartolome jaiek eztanda egingo dute bihartik aurrera. Aurten, jai-batzordeak hala aukeratuta, Ibarrako Euskara Taldeak botako du jaiei hasiera emateko suziria, eta ondoren erraldoien eta buruhandien konpartsak girotuko du kalea. Urtero egiten saiatzen diren moduan, aurten ere jai-batzordeak egitarau zabala antolatu du herriko elkarte zein eragile ezberdinen laguntzaz. Adin eta gustu guztietarako ekitaldiak izango dira asteazkenean hasi eta igandera bitarte, atseden handirik hartzeko aukerarik izan gabe.
San Bartolome egunaren bezperan hasiko dira ofizialki festak. Aurten, herriko Euskara Taldeak izango du suziria botatzearen ohorea. Udalak, talde honek egunerokoan euskararen erabileraren alde egiten duen lana nabarmendu eta eskertu nahi izan du. Asteazkenean 12.00etan botako dute suziria udaletxetik. Egun berean herriko gurasoek bazkaria prestatuko diete gazte koadrilei San Bartolome plazan. Haur eta gazteenek jolasak izango dituzte Txiribitu Aisialdi taldearen eskutik, eta gauean urteroko herri-afaria izango da. Egunarekin bukatzeko 21.15etatik aurrera Xaibor taldeak diskofesta eskainiko du eta 00.00etan Zopilotes Txirriaos talde nafarraren kontzertua izango da San Bartolome plazako eszenatokian.
Ostegunean izango da San Bartolome eguna, eta urteroko moduan ez da faltako herriko baratzezainek, Ibalur Piparra kooperatibak eta Txumitxak eskaintzen eta zerbitzatzen duten tomate eta piper dastaketa 12.00etatik aurrera. Pasa den urteko festetan bezala, aurten ere bertsolarien emanaldia izango da Emeterio Arrese parkean. Oihana Iguaran, Unai Mendizabal, Iñigo Gorostarzu, Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu ariko dira bertsotan Joanes Zubia gai-jartzailearen gidaritzapean. Gauean, Andoni Oilokiegi musikariak emanaldia eskainiko du erretiratuen elkartearen aurrealdeko plazan, eta helduen danborradaren kalejira izango da herrian zehar Iraunkorrak txarangaren laguntzarekin.
Atsedenerako tarte handirik hartu gabe, ostiralean 9.00etan hasita Giroarte dultzaina taldeak diana egingo du kaleetan zehar, eta eguerdian Sendi-Ekintza elkarteak txekor-jatea prestatuko du Emeterio Arrese plazan. DJ Andoni eta Laket taldeak ariko dira gauean festak musikaz girotzen.
Larunbatean, kirolaren egunean, ez da izango iaz ospatu zen pentatloi mistoko desafiorik. Haurrentzako prestatutako herri kirol guneak eta Volley txapelketako finalaurreko eta finalak egingo dituzte, besteak beste. Gauean herriko Alurr Dantza Taldeak eskainiko du emanaldia. Eta bukatzeko, igandean koadrilek ospatuko dute euren egun handia. Aurten Etxea Nitxek koadrilak antolatu beharko du bazkaria. Arratsaldean DJ Bull ariko da festa girotze lanetan eta gauean Muxutruk erromeria taldearen eskutik amaituko dira 2023ko San Bartolome jaiak.
Eraso sexistarik gabeko gunea ere izango da larunbat gauean 00.00etan hasi eta 3.00ak bitarte. Igor Zapirain alkateak aldarrikatu nahi izan du oso garrantzitsua dela errespetuzko festa alai batzuk nahi dituztela ibartarrek “aniztasunean, berdintasunean eta gure hizkuntza maitea ezpainetan dugula”.
Bukatzeko, ibartarrei festez gozatzea opa nahi izan die. Herriko ekoizle txikiak ere nabarmendu ditu. “Bestalde, gure herriko nortasuna eta izana ematen dien baratzetako produktu horiek dastatzeko aukera izango dugu gure nekazariei esker. Disfrutatu, gozatu, gozarazi, elkarren arteko errespetuan, eta festa ezin hobeak pasa. Gora Ibarra!” adierazi du Zapirainek. l
Egitaraua
l Gaur. San Bartolome zozketa plazan (22.30).
l Bihar. San Bartolome bozeto lehiaketako eta VI. Diseinu lehiaketako sari-banaketa (11.30); suziria Ibarrako Euskara taldearen eskutik eta ondoren kalejira; gazte koadrilen bazkaria (14.00); haurrentzako jokoak (15.30); sokadun bigantxak, beheko bideko zelaian (17.00); sagardo dastatzea plazan (18.00); San Bartolome bezperako kanpai-jotzea eta salbea (19.00); elkartasun afaria (21.00); Xaibor diskofesta, Emeterio Arrese par- kean (21.15); zezensuzkoa (22.30); Zopilotes Txirriaos talde nafarraren kontzertua plazan (00.00).
l Abuztuak 24, San Bartolome eguna. Diana herriko txistulariekin (9.00); meza nagusia (10.30); hau- rren danborrada (11.30); piper eta tomate dastatzea plazan (12.00); bertsolarien emanaldia Emeterio Arrese parkean (18.00); helduen danborradaren entsegua, Azkue auzoan (18.00); helduen danbo- rrada (19.30); zezensuzkoa (22.30); Andoni Oilokiegi abeslaria erretiratuen elkartearen aurreko plazan (22.45); Little Martin Selektah DJ-aren emanaldia plazan (23.30); Afalostean helduen danborradarekin Iraunkorrak txaranga.
l Abuztuak 25. Diana (9.00); Hauspoa kultur elkartearen herri- antzerkia kaleetan (11.30); txekor- jatea, Emeterio Arrese parkean (14.30); haur eta nerabeentzat ur- parkea, Azkue auzoko plazan (16.00-20.00); Zo-Zongo taldearekin kalejira plazatik abiatuta (19.00); zezensuzkoa (22.30); Dj Andoni Txumitxa atzealdeko plazan (22.45); Laket taldearen emanaldia plazan (23.30).
l Abuztuak 26, Kirolaren eguna. Diana (9.00); toka eta bola txa- pelketa, Emeterio Arrese parkean (10.00); haurrentzako 4x4 futbol txapelketa, Emeterio Arrese par- kean (10.30); Erretiratuentzako hamaiketakoa, Bizi-Nahi elkartean (11.00); haur eta gaztetxoentzako herri kirolak, Emeterio Arrese parkean (11.30); Zirka Zirkus taldearen emanaldia Emeterio Arrese plazan (16.00); volley eta brillet finalak, San Barto- lome plazan (17.00); Herri kirolak probatu eta gozatu San Bartolome plazan (19.00); zezensuzkoa (22.30); Alurr Dantza Taldearen emanaldia, Emeterio Arrese par- kean (22.45); Iratzar taldearen emanaldia plazan (00.00).
l Abuztuak 27, koadrilen eguna. Diana (9.00); koadrilak plazan elkartuko dira (11.30); koadrila berriei ongi-etorria (12.00); koadri- len bazkaria, Emeterio Arrese par- kean (14.30); Dj Bull, herri guztian zehar (17.00); sokadun bigantxak, beheko bideko zelaian (18.00); zezen- suzkoa (22.30); Muxutruk taldea- rekin dantzaldia plazan (23.00); piparra erretzea (0.00); ondoren berriz ere Muxutruk.
l Irailak 2. Gazteentzako txirrin- dulari-lasterketa, XL. San Bartolo- me saria (15.30).