Aranzadi eta Albaolaren elkarlanaren emaitza gisa, Mutrikuko Udalak Lonja Zaharra izeneko eraikinean dagoen eta dokumentu zaharretan jasotzen zen garabia birsortu du. Garabia interes etnografiko handiko elementua da, mutrikuarrek iraganean izan zuten eguneroko bizitzaren parte baitzen, eta orain, berriro, errealitate bihurtu da portuan.

Proiektu hau garatu ahal izateko Udalak Aranzadi eta Albaolaren lankidetza izan du. Lehenengoek eraikuntzari loturiko ikerketa eraman dute aurrera eta bigarrengoak, itsas ondarean eta zurezko itsasontzien eraikuntzan aditu direnetik, eraikitzeko proiektuaz arduratu dira.

Aranzadiren azterketa

Prozesua Aranzadiko Etnografia Saileko Javi Castro Montoyak egindako azterketa zehatz batekin hasi zen. Bertan, eraikinari buruzko dokumentazio zaharra aztertu zen, Lonja Zaharra eraikinean garabiren bat eta balantza edo pisuren bat zegoela dokumentatzeko. Bildutako datuek agerian utzi zuten hainbat une historikotan kofradia zaharrak, Lonja Zaharra eraikinean zegoenak, portuko jarduerarekin lotutako hainbat garabi behar izan zituela eta haietako bat eraikinaren handitze lanak egin zirenean eraiki zela, XVIII. mendean.

Garabiaren morfologiari buruzko informaziorik ez zegoenez, Albaola XVIII. mendeko itsas teknologian oinarritu zen garabia diseinatzeko. Lonja zaharraren garabia kabotaje-ontziek ekarritako zama astunena lehorreratzeko erabiltzen zen eta, zalantzarik gabe, Mutrikuko Kofradiako arduradunek ezagutzen zuten, eta erabiliko zuten, itsasontzietan ohikoa zen teknologia hau.

Eraikuntza-prozesuaren zati batek harria erabiltzea ekarri du. Erabili den harria Lasturko harrobikoa da, iraganean erabili zenaren antzekoa, ziurrenik Olatzeko harrobi zaharretik etorria. Orioko Espiga Hargintza arduratu da garabia gordetzen duen harrizko mentsulari forma emateaz, trebetasun eta maisutasun handiz, lanaren zati bat eskuz egin behar izan baita.