Usurbilgo Udalak eta Grupo Ingemar SAk akordio bat sinatu dute, enpresak Udalarekin duen zor ia osoa ordaintzeko. Akordio hau dekretu bidez onartua izan zen, eta horren berri eman zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak uztaileko osoko bilkuran. Akordio horren arabera, Grupo Ingemar SAk Udalari 700.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du, eta hori ordaintzeko adostutako egutegia betetzen hasi da: lehenengo ordainketa egin du dagoeneko.

Alkateak bilkuran gogorazi zuenez, 2017ko abenduaren 15ean emandako epaiaren bidez, Lugoko epaitegiak Ingemar SA sozietatearen konkurtso-prozeduran, har-tzekodunen hitzarmena onartu zen. Ingemarrek hainbatekin zituen zorrak, eta Usurbilgo Udalari zegokiona, guztira, 486.251,01 eurokoa zela zehaztu zen.

Denborak aurrera egin ahala, zorra modu nabarmenean handitu zen, eta konkurtsoaren ostean, zor gehiago eragin zituen: 406.639,76 euro gehiago. Hala, bi zorrak gehituta, 800.000 eurotik gora dago, jada, Ingemarrek Udalarekin duen zorra. Solaberrietak azaldu zuenez, 2021ean Grupo Ingemar SA beste administratzaile batzuen esku gelditu zen eta hasieratik izan zuten hartu-emana jabe berriekin: “Beti adierazi izan digute zorra ordain-tzeko nahia, baina, aldi berean, baita ezintasuna ere, Ingemarrek Usurbilen duen partzela saldu ezean”.

Alkateak nabarmendu zuenez, Usurbilgo HAPOa berridazteko prozesuan, Ingemar dagoen Zingirategi eremurako antolamendua eurekin batera landua eta adostua izan zen, Udalak zehaztutako hirigintza irizpideen arabera. “Adostasunez eraikitako planteamendua izan da eta duen balioa eman nahi diot”, esan zuen.

Honenbestez, Ingemarrek zorra 60 hilabeteetan ordainduko du. Zor guztitik Udalak 100.000 euro ez ditu kobratuko, baina horren truke gainerakoa ordaintzeko egutegi bat eta hitzarmen bat lortu ditu.