Datorren asteartean, abuztuaren 1ean, Beasain Kirol Elkarteak aurredenboraldiari hasiera emango dio lehen taldearen aurkezpenarekin. Aurkezpen saioa Loinatz Futbol Zelaian izango da, arratsaldeko 19.30etatik aurrera. Horrela hasiera emango diote jokalari eta taldekide guztiek 2023-24 denboraldiari, 3. RFEF mailan.

Liga irailaren 9 eta 10eko asteburuan hasiko da, baina aurretik sei lagunarteko partida jokatuko dituzte: Abuztuaren 12an, Triangularra Don Boscon, Lagun Onak taldearen aurka goizeko 11.00etan, eta Pasaiaren kontra 12.00etan; abuztuaren 19an Loinatz Futbol Zelaian Añorgaren aurka; abuztuaren 26an, Loinatzen, Anaitasunaren kontra, eguerdiko 12.00etan; eta irailaren 2an, goizez Touring eta Mondragonen aurka Arrasaten, eta arratsaldez Alaves C taldearen kontra Beasaingo futbol zelai nagusian.

Zazpi errefortzu

Talde beasaindarrak indarberrituta ekingo dio denboraldi berriari, izan ere, zazpi jokalari berrik jantziko dute bertako elastikoa.

Zazpitik bi goierritarrak dira: Iratz Lizarraga ataundarra eta Iker Salamanca beasaindarra. Beasain B taldea utzi eta bagoilarien lehenengo taldean arituko dira denboradi osoan zehar.

Beste goierritar batzuei dagokienez, Iraitz Gelbentzu atezain lazkaotarrak taldean jarraituko du. Lazkaoko Kerman Sukiak, aldiz, ez du segituko.

Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritzak jakitera eman duenez, gainontzeko altak ondorengoak dira: Alex Iriondo donostiarra, zelaierdikoa; Unai Tellechea, donostiarra, zelaierdikoa; Aitor Morcillo, donostiarra, eskuin hegalekoa; Ander de la Parra, tolosarra; eta Josu Rezola, donostiarra, defentsa zentrala.

Gogoratu behar da Beasainek entrenatzailea ere berritu duela. Ekainaren erdialdean jakitera eman zen bezala, Mikel Arruabarrena tolosarrak zuzenduko du lehen taldea mailaz igotzeko borrokan. Bere jokalari ibilbidea Pontevedran amaitu ondoren, Tolosan hasi zen klubeko koordinatzaile gisa, eta Hirugarren Mailako lehen taldeko entrenatzailea ere izan zen.