Sormenaren Kabia izeneko ekimena jarri zuen martxan Alkizako Udalak pasa den maiatzean seigarrenez. Bertan, mota guztietako proiektu artistikoak sortu ahal izateko baliabideak esleitzen ditu Udalak. Ekimenean parte hartu duten artisten artetik zenbait aukeratuak izan dira eta hauetako bakoitzak hiru aste inguruko egonaldia egingo du Alkizako herrian iraila eta azaroa bitartean.

Udalak adierazi duenez, beka hau banatzearen helburu nagusia artistek sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko aukera izatea da. Horretaz gain, Alkizak kultura arloan “erreferentzia puntu” izateko lanean jarraitzen du. Udaleko kultur teknikaria den Maider Aldazabalek azaldu duenez, jada erabaki dira bekaren saridunak.

Miriam Loidi da lehen saritua. Loidik Ehun Bizipenak izeneko proiektua du eskuartean eta beka honen laguntzarekin ariko da aurrerantzean lanean. Bigarren bekarekin sarituak izan diren artistak Nomad Studioko Eli Garmendia eta Carlos Pericás dira. Hauek Alkizako Memoria izeneko proiektuan ari dira lanean. Hauek ere herrian egingo dute egonaldia datorren ikasturte hasieran beraz.

Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker antolatzen diren bekak dira Sormenaren Kabia ekimenaren baitan banatzen diren hauek. Eragile publikoei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Fagus Alkiza interpretazio zentroak eta Herri Ostatuak hartzen dute parte, eta eragile pribatuen izenean, Lete apartamentuak, Inazio Urruzola txakolindegia, Ekotalo eta Ur Mara museoa dira egitasmoan daudenak. Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, parte hartzaileek hiru asteko egonaldia, hain zuzen, Lete apartamentuetan egin ahal izango dute eta Udalak artisten eskura jarriko ditu proiektuaren ezaugarrietara egokitzen diren eta euren lanak osatzeko beharko dituzten herriko espazio ezberdinak.

Bekaren saridunek ordea, saria jasotzeaz gain Alkizako Udalaren eskakizuna ere jaso dute. Izan ere, Udalak artistei eskatu die bai alkizarrei baita herrira gerturatzen diren bisitariei ere sortzen ari diren proiektuetan nola egiten duten lan erakus dezatela. Gainera, antolakuntzak ikus-entzunezko bana ekoiztuko du proposamenak ezagu- tzera emateko. Unai Sorrarain herritarrak egindako bideoak jendaurrean aurkeztuko dituzte abenduaren 21ean eta artistek aurkezpen ekitaldian parte hartu beharko dute.