Harituz Tolosaldeko Bertso Elkarteak 10 urte bete ditu lanen hasi zenetik, eta bertako ordezkariek azaldu dutenez,  “bertso-eskolen zein bestelako ekintzen bidez bertsoaren transmisioan jarraitzea” dute helburu. 10 urtez hamaika bertso kantatu, entzun, kantarazi, grabatu, dokumentatu, irakatsi, ikasi eta sortu dituzte, eta datozenetan ere bide berdinetik jarraitzea bilatzen dute.

Udako oporraldia pasatzen denerako egutegia prestatzeko lanean ari da taldea, eta momentuz, iraila eta urri bitarterako Pello Errota bertso-sariketa, azarorako (H)arituz bertso-jaialdia, eta abendurako Bertso Zirkua antolatu dituztela baieztatu dute. Tolosaldeko bertsolarien ikerketa lerroa ere martxan jarri dute, horrela, egungo bertsolariek “lehengoen berri izango” dutela eta “gerokoek ere egungoen berri izan” ahalko dutela baieztatu dute.

Bukatzeko, 10 urtetako lanaren inguruan hitz egin dute eta aurrerantzean ere lanean jarraitzeko gogoz daudela baieztatu dute.