Errenteriako Herriko Plaza txupinazoa baino lehen gazte eta kuadrillez bete da gaurkoan, urtero bezala. Gainera, ostiral arratsaldea izanik, giroa ederra izan da.

Etxeetako balkoietatik ura botatzeko eskatu dute behekoek eta bitartean, irinarekin goitik behera lohitu dira, ketchup, maionesa eta mostaza zipriztinekin oreari kolore pixka bat emanez.

Honela, arratsaldeko 19.00ak iritsi dira eta aurtengo omenduek, Juneren Hegoak elkarteak eta Gurutze Gorriak pregoia irakurri ondoren, gora madalenak oihuarekin batera, suziria bota dute.

Orduan, plaza lehertu egin da eta bertako guztiak saltoka. Hasi dira Errenteriako musika bandak urtero jotzen duen El Centenario pasodoblearen ozta-ozta entzuten ziren konpasak jaraituz.

53

Hasi dira Errenteriako Madalenak! Arnaitz Rubio

Jarraian, udaletxetik abiatuta, Errenteriako Musika Kultur Elkartea, Errenteriako udal txistulari talda eta Errenteriako txistulariak buruhandi eta erraldoiekin batera herriko kaleetan zehar ibili dira.

Honela hasi dira gaur madalenak eta hemendik aurrera bost egunetako egitaraua hasiko da, non 130 ekitaldiz gora egongo diren.

Musikak protagonismo handia izango du aurtengo jaietan eta dudarik gabe jende asko erakarriko dute prestatu diren kontzertuek.

Gaur Sega Sound Killers eta Neomak taldeek estreinatuko dituzte Lino eta Zumardiko eszenatokiak.

Bihar Bengo oiartzuar abeslari gaztea arituko da 23.00etan Koldo Mitxelena plazako Erriola gunean eta 1.00etan Janus Lesterren txanda izango da Zumardian.

Datozen egunetan, Los Zopilotes Txirriaos, Liher, Oihan Vega, Kai Nakai, Reincidentes eta Sonokay izango dira.