Asteazken arratsaldean Santa Isabel jaietako argazki lehiaketako sariak banatu zituzten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Lehiaketa Iker Gutierrez zumarragarrak irabazi du. Bigarren saria Iñaki Oiartzabal zumarragarrarentzat izan da. Herriko bilduma onenari dagokion saria, berriz, Jesus Mari Etxeberriak irabazi du. Haur mailan, lehen saria Raul Ruizek irabazi du.

Bederatzi lagunek parte hartu dute: zortzik helduen mailan eta batek haurren mailan. Helduen mailan, aipatutako hiru argazkilariekin batera, Javi Alonsok, Martin Aseginolazak, Guillermo Murciegok, Unai Peñak eta Juan Jose Martinezek parte hartu dute.

Gutierrezek lehiaketa honetako azken lau edizioak irabazi ditu. Oraingoan alde txikiarekin irabazi du, Oiartzabalek baino puntu bakar bat gehiago lortu baitu. Epaimahaia Jesus Heras, Imanol Zubiaurre eta Felipe Davilak osatu dute. Heras Urretxu eta Zumarragako Argazkia elkarteko kidea da eta Zubiaurre eta Davila, berriz, Beasaingo argazkilari elkarteko kideak dira. Lehiaketa Argazkia elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin. Hala, sari banaketa ekitaldian Nerea Errasti zinegotziak eta Argazkia elkarteko Ascen Gonzalezek parte hartu zuten.