Bihar Erromeria Eguna ospatuko da eta igandean Errenteria Dantzan. Horrela, Ereintza dantza taldeak asteburu honetan bere egutegiko bi hitzordu handi eskainiko ditu.
Erromeria Egunari dagokionez, aurtengoa 23. edizioa izango da. Antolatzaileek ekitaldiaren aurkezpenean gogorazi zutenez, ekimen hau antolatzen hasi ziren plazako dantzak berreskuratzeko eta dantzaldiak jendetsuagoak izateko. Helburua lortu dutela esan zuten, “izan ere, herrian jende asko dabil gaur egun hainbat taldetan dantzan, bai umeak eta bai helduak”.
Egitaraua aurreko edizioetakoen oso antzekoa izango da eta, ohi bezala, jardunaldia 10.45ean hasiko da herriko kaleetan musikariek joko duten dianarekin.
Ondoren, Koldo Mitxelena plazan hamaiketakoa egingo dute. Jarraian, 12.00etan, kalejira bat burutuko dute Xabier Olaskoaga plazaraino. Bertan Patxi Perez izango dute zain dantzaldi gidatua egiteko.
Dantzaldi gidatuarekin amaituta Zumardirantz joango dira, eta bertan dantza egin ondoren, herri bazkariko ordua iritsiko da. Bazkaria Euskal Parrillak eskainiko du. Merkatuzarren 400 pertsona eta dantzazale inguru bilduko direla aurreikusten da.
Arratsalde partean, 17.00etan, erromeria hasiko da Zumardian txalapartari eta musikarien laguntzarekin. Egunarekin amaitzeko Aiko taldearen emanaldia eta Ortzadar taldearekin dantzaldia izango dira.
Bestalde, igandeko Errenteria Dantzan egitasmoari dagokionez, Ereintzak jakitera eman duenez, aurtengo gonbidatua Indonesiako Krida Budaya izango da.
Kanpoko talde honek, Ereintza dantza taldearekin batera, emanaldi bat eskainiko du Zumardian 19.00etan. Antolatzaileek bertaratzeko deia egin zuten.