Tolosako Kultura Plazara jaialdiak hitzordu nagusia uztailaren 21 eta 23 bitarteko asteburuan izango du. Hala ere, uda guztian zehar izango dira ekintza ezberdinak Tolosan Kultura Plazara-ren egitarauaren barnean. Musika, gastronomia eta artisautza uztartuko ditu ekimen honek.

Goiuri Eceiza Kultura Zinegotziak aurkezpenean azaldu zuenez, musika genero ezberdinak jorratuko dira kontzertuetan, eta antolakuntza taldeko Julen Caminosi jaialdia antola-tzeko Udalarekin egindako elkarlana eskertu nahi izan zion. Aurten, berrikuntza modura, egitarauaren ekin-tza gehienak Zumardi txikian egingo diren arren, zenbait auzotara ere iritsiko dira kontzertuak. “Inguruko auzo eta landa eremuetara ere eman nahi izan ditugu zenbait kontzertu” azaldu zuen Goiurik. Bedaion eta Urkizun izango dira kontzertuak eta auto pilaketa ekiditeko asmoz Udalak autobusak ahalbidetuko ditu. Kontzertuak hasi baina ordubete lehenago aterako dira San Frantziskotik eta lekua erreserbatu daiteke kultura@tolosa.eus helbidera mezua idatziz.

Egitarauari dagokionez, uztaileko asteburu nagusian Ibil Bedi, Broken Brothers Brass Band, Nhil, David Colomo edota Olaia Intziarteren emanaldiak izango dira aukeran. Ibil Bedik irekiko du jaialdia hilaren 21ean eta Olaia Intziartek emango dio amaiera. Kontzertu arteko uneetan zenbait Dj izango dira ingurua girotzen. Tartean, Dj Alai musikari tolosarrak emankizun bikoitza eskainiko du. Musikaz gain gastronomia eta artisautza uztartzen dituen ekimena izanda, beste hainbat postu izango dira asteburu guztian zehar. Bitxigileak, kamiseta egileak eta margolariak euren produktuak saltzen ariko dira. Jatekoak eta edatekoak Ama Jatetxeko eta Carnicas Goyako kideen esku izango dira.

Uztailaren 21-23 bitarte egitarauaren zati nagusia ospatuko den arren, iraila bitarte luzatuko dira ekintza ezberdinak. Hasteko, Mirua talde tolosarrak kontzertua eskainiko du Bedaion larunbat honetan 19.00etan. Bertaratzeko autobusa 18.00etan aterako da San Frantzisko elizatik. Tolosako Udal Musika bandak ere uztailaren 21ean urteroko udako kontzertua eskainiko du Lopez Mendizabal plazan. Ibarrako Alur eta Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeak, Alize Mendizabal organo jolea, Urbil Artola eta Jon Gurrutxaga, Mikel Artieda & Zazpiketers, edota Sonakay flamenko-taldea ere ariko dira jaialdian.