Triangulo plazan 19.00etan egindako elkarretaratzean, Tolosako Asanblada Feministak Iruñean izan den azken erailketa matxista salatu zuen atzo. “Lurdes maia-tzaren 16an Orion, Maddalen maia-tzaren 28an Gasteizen, Begoña ekainaren 16an Bilbon eta hemen gaude berriro Hego Euskal Herrian aurten gertatu den laugarren erailketa matxista gogor salatzeko, lehengoetatik hilabete eta erdi ere ez denean igaro”, adierazi zuten Asanbladako kideek atzo arratsaldean Tolosan bildu ziren bertaratu guztien artean.

Zoritxarrez, noizbehinka gertatzen den gertakari bat ez dela salatu nahi izan zuten Asanblada Feministako kideek. Gainera, baieztatu zuten emakume askok beraien bizitzako egunerokoan pairatu behar izaten dituztela horrelakoak eta askotan, gizartearen egiturak ez dituela babesten.

Orion duela aste gutxi batzuk gertatutako erailketa matxista bortitzaren aurrean sare sozialen erabilera eta zenbait komunikazio hedabideen jokaera ere salatu nahi izan zuten elkarretaratzean. Biktimen familiarekiko samina eta elkartasuna adierazi nahi izan zuten. “Gure samina eta elkartasuna helarazi nahi genizkieke eraildako emakumearen senideei. Ezin dugu imajinatu sentituko duten amorrua, mina eta inpotentzia” adierazi zuten.

Bukatzeko, matxismoarekin bukatu arte borrokan jarraitu beharra dagoela ere plazaratu nahi izan zuten. “Borroka feministak jarraituko du bizitza bizigarrien aldeko apustua egiteko. Gora Borroka feminista!” hi-tzekin amaitu zen Triangulo plazako elkarretaratzea.