Santa Isabel jaiak ospatzen ari dira dagoeneko zumarragatarrak. Jaiak igandean hasi ziren, Haurren Egunarekin. Asteartean, herenegun eta atzo, berriz, haurrek parkeaz eta txu-txu trenaz gozatzeko aukera eduki zuten. Apar festa ere egin zuten. Horretaz gain, atzo haurren pilota txapelketako finalak jokatu ziren.
Gaurko ekitaldi nagusiak Ni Naiz Hip Hop festa, gaztetxoen Gran Prixa eta elkarteen danborrada izango dira. Gaurko Gran Prixari dagokionez, 11-15 urtekoek parte hartuko dute. Hori dela eta, zezenik gabe egingo da. Danborradan, urtero bezala, pregoia irakurriko da. Aurten, Eitzako Irrika elkartea aukera dute horretarako. Izan ere, 50 urte beteko ditu irailean. Antxon Biain lehendakariak irakurriko du pregoia. Bestalde, Bi-Tartean merkatari elkartekoek danborradan parte hartuko dute lehenengoz.
Biharko ekitaldi nagusiak futbol eta boleibol txapelketak, Zumardi elkarteak antolatzen duen dantza libreko txapelketa, errekortari erakustaldia, su artifizialak eta Miami orkestraren dantzaldia izango dira.
Futbol eta boleibol txapelketak La Salle-Legazpi ikastetxeko jolastokiko zezen plazan egingo dira. 11-15 urteko gaztetxoek parte hartuko dute, lau laguneko taldeetan.
Jaietako egun handia igandean izango da. Egun horretan, zumarragarrek Santa Isabel eguna ospatuko dute Antion. Urteroko moduan, ekitaldi nagusia Irrintzi dantza taldeko kideek, Antxiñako Ama txistulari taldeko kideek lagunduta, egingo duten ezpata-dantza izango da.
Astelehenerako, berriz, aizkolarien saioa, kantu poteoa, kuadrillen arteko Gran Prix lehiaketa, Zumarragako bandaren kontzertua eta Rockalean taldearen kontzertua antolatu dituzte. Asteleheneko Gran Prix saioan 16 urtetik gorakoek parte hartuko dute. Hala, bigantxekin egin ahal izango dute.
Txosnetan ere ekitaldiak antolatu dituzte. Ostiraletik astelehenera, egunero egongo dira kontzertuak.
Jaiak astelehenean bukatzen direla esan daiteke, baina uztailaren 7rako eta 9rako ere ekitaldiak antolatu dituzte. 7an emakumeen txirrindulari lasterketa egingo dute eta 9an Pertsona Nagusien Eguna ospatuko da.