Urteroko moduan, Zumarragako Udalak zezen plaza muntatuko du La Salle-Legazpiko patioan, Santa Isabel jaiak direla eta. Bertan, hainbat ekitaldi egingo dira: hondar futbol eta boleibol txapelketak, errekortari erakustaldia eta kuadrillen arteko Grand Prix lehiaketa.

Hondar futbol eta boleibol txapelketei dagokienez, uztailaren 1ean jokatuko dira, 11.30etik aurrera. 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek parte hartuko dute, lau laguneko taldetan. Parte hartu nahi dutenek kultur etxean eman behar dute izena, hilaren 27a baino lehen. Izen-ematea doan da.

Errekortari erakustaldia uztailaren 1ean izango da, 18.30ean. Ondoren, bigantxak askatuko dituzte 16 urtetik gorakoentzat. Sarrerek 5 euro balio dute (haurren sarrerek, 3 euro).

Kuadrillen arteko Grand Prix lehiaketari dagokionez, aurten bi egingo dituzte. Ekainaren 30ean 11-15 urtekoena izango da eta uztailaren 3an 16 urtetik gorakoena.

11-15 urtekoena 18.30ean hasiko da. Zezenik gabe egingo da. Ur jokoak, sokatira, bola saltoak, trizikloak, zezen mekanikoa eta puzgarri saltoak egongo dira. Talde irabazleko kide bakoi-tzak 40 euroko bale bat jasoko du, herriko kirol dendetan gastatzeko.

16 urtetik gorakoena 18.00etan hasiko da. Sarrerek 5 euro balio dute (haurrenek, 3 euro). Sarrerak gaur, bihar eta etzi Zelai Ariztiko leihatilan salgai egongo dira, 17.00etatik 20.00etara. Hilaren 26tik 30era kultur etxean salduko dira.