Budapesteko (Hungaria) Art Brut galerian ikusgai egongo dira Clara Probanza margolari urretxuarraren lanak uztailaren 26ra arte. Erakusketa ekainaren 7an inauguratu zen.

Art Brut izena Jean Dubuffet artista frantziarrak asmatu zuen 1945ean. Gaixotasunak dituztenek eta bazter-tze arriskuan daudenek egindako lanak jasotzen ditu. Probanzak gaixotasun larri bat du. Probanza anai-arrebek oso lotura estua dute artearekin, baina Clara duela hamar bat urte hasi zen margotzen. Bere ahizpa Concceta ilustratzailea da eta bera izan zen animatu zuena.

Askotan etzanda margotzen du, gainontzeko posturetan min handiagoa sentitzen baitu. Etzanda margotzen duenean, ezin ditu olioak edo margo akrilikoak erabili. Hala, gehienetan errotuladoreak erabiltzen ditu. Bere lanetan ametsak islatzen ditu. Margotzea terapia modukoa da. Bere lanetan kolorea da nagusi.

Bere lehen erakusketa Zarauzko Garoa liburu dendan izan zen. Ahizpak eta biek plastilinazko figurak egin zituzten. Portoko (Portugal) Cruzes Canhoto galerian, EHUko Donostiako campuseko Carlos Santamaria liburutegian eta Zumarragako kultur etxean, berriz, bere margolanak erakutsi ditu.

Portoko galerian Art Brut obrak dituzte, besteak beste. Hungariako Art Brut galeriako arduradunak Probanzaren lanak ikusi zituen eta asko gustatu zitzaizkion. “Idatzi egin zidan. Nire lanak oso interesgarriak zirela esan zidan eta berari bidaltzea proposatu zidan. Baiezkoa eman nion eta ekainaren 1ean bertara joan ginen, senarra eta biok. 60 lan eraman genituen”.