Antioko baselizan sartzen saiatu ziren joan zen ostiral goizaldean lapurrak. Atzeko atetik sartzen saiatu ziren eta ez zuten lortu. Aurreko atea txikitzea lortu zuten, baina alarmak jo zuen eta ihes egin zuten. Atea Urretxuko Biona Aroztegikoek konponduko dute eta bederatziurrenerako prest egotea espero dute.
Antioko Lagunen Elkarteko Jose Roman Urkiolak 1.55ean abisua jaso zuen. “Alarmak jo zuen eta bertara joan nintzen. Ertzainek lapur profesionalak zirela esan zidaten. Barrura sartzea lortu zuen, baina orduan alarmak jo zuen”, azaldu du.
Alarmari esker, ihes egin behar izan zuten. “Eskerrak alarmak beti egunean ditugun. Teknikariak duela hiru hilabete egon ziren azkenekoz. Detektagailua eta kamera ditugu”.
Lapurrek ez zuten ezer eramatea lortu, baina oso ate baliotsua txikitu zuten. “Ate hori aspaldikoa da. Urretxuko etxe solariego batetik ekarri zuten. Garestia izango da lapurrek egindako txikizioa konpontzea. Izan ere, ate horrek dena du berezia: sarraila, giltza… Atzeko atetik sartzen ere saiatu ziren. Sarraila-zilindroa izorratu zuten. Gaur hitz egin dugu aseguru etxekoekin. Beraiek ordaintzea espero dugu”.
Horretaz gain, Urretxuko Biona aroztegikoei deitu diete. “Atea aroztegira eramango dute eta bertan konponduko dute. Atearen ordez oholak jarriko dituzte. Atea konpondu bitartean, atzeko sarrera erabili beharko dugu”.
Antioko Lagunen Elkartekoek atea Santa Isabel egunerako prest egotea espero dute. “Gure asmoa Santa Isabel egunerako konpontzea da. Baliteko bederatziurrenerako ere konponduta egotea. Horretan saiatuko gara”. Bederatziurrena hilaren 24an hasiko da, San Joan egunean. Egunero autobusa egongo da Antiora igotzeko. 6.00etan abiatuko da Correosetik.
Duela 12 urte ere beste lapurreta saiakera bat izan zen. “Haiek ez ziren hauek bezain profesionalak. Palanka bat bakarrik erabili zuten”, azaldu du Urkiolak.
Zumarragako harribitxia
Antioko baseliza Zumarragako harribitxia da. Herritar askok bertako Ama Birjinarenganako debozio handia dute eta jaietako egun handia bertan ospatzen da, uztailaren 2an. Irrintzi taldeko dantzariek ezpata-dantza egiten dute bertan, Antxiñako Ama taldeko txistulariek lagunduta.
Gainera, Hiru Tenpluen Ibilbidea eta Inaziotar Bidea bertatik pasatzen dira. Ermitak milaka bisitari jasotzen ditu urtero. XIV. menderako eraikita zegoen eta bere egurrezko egitura eta egurrean egindako tailak bereziki baliotsuak dira.