Zabalik da dagoeneko Hitzaren Eskola 2023an izena emateko epea Azpeitian. Xabier Gantzarain Kulturaz-eko kideak, Itziar Ugarte 2023ko edizioko irakasleak eta Harkaitz Cano lehen edizioko irakasleak Hitzaren Eskola 2023ko proiektuaren lerro nagusiak aurkeztu zituzten, baita aurreko hiru edizioetan egindako lana jasotzen duen memoria ere.

2019an hasiera eman zitzaion egitasmoari Dinamoa sormen gunea ireki zenean. Hitza erdigunean jar- tzea zen helburu nagusia eta horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian duten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, aktore eta abarrekin jo zuten Kulturazetik eskolak emateko (Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elor- tza, Lorea Agirre, Arantxa Iturbe, Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Xabier Erkizia,...). Aurtengo ikasturtean Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia izango dira irakasleak. Lehenengo hiru edizioak sei hilabeteko iraupena izan zuten, laugarrena, berriz, hiru hilabetekoa egitea erabaki da. Hau ez da aldaketa bakarra. ”Hainbat jendek adierazi zigun sei hilabetekoa luzea egiten zitzaiela, eta sei irakasle izan beharrean lau izango dira orain. Horietako bakoitzak beste irakasle gonbidatu bat ekarri ahal izango du. Ion Celestinok, Arantza Santestebanek, Maider Oleagak eta Peru Magdalenak beteko dute paper hori. Era honetan, eutsi egin nahi izan diogu ezaugarri nagusiei: irakasleen aniztasuna eta eskolaren intentsitatea”, adierazi zuen Xabier Ganzarainek.

Edizio berria irailaren 2an hasiko da eta azaroaren 18an amaitu. Eskolak larunbatero izango dira (10.00-13.00). 18 urtetik gorako euskaldunei dago zuzenduta, eta taldeak hamabi-hamabost lagunekoak izango dira. Informazio gehiago www.dinamoa.eus; e-mail: dinamoa@dinamoa.eus; 635.738.760 telefonoa.